«Batzuk zalantza handiak izan dituzte eta txirrindularitza uztea ere planteatu dute»
Urte zaila izaten ari da txirrindularientzat. Lasterketa asko bertan behera geratu dira, eta horrek lur jota utzi ditu bat baino gehiago. Iñaki Telleria Goierriko Txirrindularitza Bultzatuzko lehendakariak egoera honen gorabeherak kontatuko dizkigu.
Iñaki Telleria Goierriko Txirrindularitza Bultzatuzko lehendakaria Aurten lasterketa gutxi izan dituzue, zer moduz doa denboraldia?
Ba gaizki egia esan, guztia kolokan dago oraindik eta etengabeko ziurgabetasun egoera batean bizi gara. Adibidez, hurrengo iganderako antolatuta zegoen gazteen lasterketa bertan behera geratu da. Afizionatuek ere abuztu guztian Euskadin ez dute lasterketarik izango. Alde horretarik txirrindulariak etsita daude.
Nola daramazue prestakuntza? Entrenamenduak…
Prestakuntza printzipioz beti bezala. Konfinamendu garaian batez ere ‘rodilloarekin’ ibili ginen. Hala ere orain lasterketa oso gutxi daude, egunean egunekoa egiten gabiltza, etorkizun-senik gabe. Adibidez, orain artea Gipuzkoan jokatu den lehenengo lasterketa aurreko asteburuan izan zen.
Txirrindulariek egoera honekin fisikoki ahulago daudela nabaritu dute?
Fisikoki baino gehiago psikologikoki nabaritu dute. Konfinamenduan guztiek izan dituzte gorabeherak. Batzuk zalantza handiak izan dituzte eta txirrindularitza uztea ere planteatu dute. Gu saiatu gara beraiekin hitz egiten eta jarraitzeko adorea ematen. Fisikoki aldaketak nabaritu dituzte, ez daude puntu-puntuan, baina hala ere uste dut alderdi zailena psikologikoa izan dela.
Zein dira aurreikusita dituzuen hurrengo lasterketak?
Asteburu honetan gazteak Berriatuan eta Villatuertan lehiatuko dira, izan ere, Opakuakoa bertan behera geratu da. Abuztuaren 30ean ere gazteek Beasainen izango dute lasterketa, mundial aurrekoa. Afizionatuei dagokionez, gure taldeko hiru Espainiako Txapelketara doaz Euskadirekin abuztu bukaeran. Beste lasterketa batzuk izan daitezke: Kantabriako itzulia, Salamancako itzulia, Valentziako itzulia, Espainiako Kopako probak, eta gero Euskal Herrian aurrera eramango direnak, Lizarran, Altsasun…













