Diskotekak eta gaueko tabernak itxiko dira Hego Euskal Herrian
Madrilek gaueko aisialdiari eragingo dioten neurriak hartzeko agindu du. Kalean bi metroko tartea mantendu ezin daitekeenetan erretzea ere debekaturik egongo da.
Osasun Ministerioak arau berriak adostu ditu autonomietako presidenteekin egoera epidemiologikoak okerrera egin duela berretsiz. Salvador Illa Espainiako Osasun ministroaren esanetan, “ezinbestekoa” da gaueko aisialdia bertan behera uztea pandemiaren bilakaera eteteko. Neurri hauek indarrean jartzeko asmoz, diskotekak eta gaueko tabernak ixteko agindua eman du, eta gainerako taberna eta jatetxeek 01:00ean itxi beharko dute. Gainera, gauerditik aurrera ezingo da bezero berririk sartu.
Ministroak adierazi duenez, kalean edatea ere debekaturik egongo da, eta arau hau hausten duenari isunak ezartzeko eskatu die udalei. Horrez gain, erretzea ere debekaturik egongo da Hego Euskal Herrian, bi metroko tartea mantendu ezin daitekeenetan.
Aisialdiari eragingo dieten neurriez gain, bestelako eremu batzuetan aplikatuko diren arauak ere iragarri ditu Illak. Zahar etxe guztietan esaterako, PCR probak egin beharko dizkiete egoiliar berriei bertara sartu baino 72 ordu lehenago, eta oporretatik itzuli diren edo lanean hasi berri diren langileei ere egingo dizkiete testak. Bisitak jaso ahal izateko, modu mailakatuan antolatu beharko dira jende pilaketak ekiditeko asmoz, eta egoiliarren irteerak mugatuko dituzte.
Ekitaldi jendetsuei dagokienez, arriskuen azterketa bat egin beharko dute tokiko agintariek ezer antolatu baino lehen, Espainiako Osasun Ministerioak jarduera horien inguruan adosturiko irizpideak jarraituz.
Ministroak ere jakinarazi du PCR probak egingo dizkietela talde zehatzei oldarraldiak daudenetan; besteak beste, zahar etxeei, ikastetxeei edo kolektiborik zaurgarrienei.