«Modu batera edo bestera festak presente egotea zen gure asmoa»
Gaur hasiko zituzten herriko festak Zerainen, baina gainontzeko herrietan gertatu den bezala, hauek ere bertan behera geratu dira egun bizi dugun osasun krisia dela medio. Hala ere, festak bizirik mantentzeko asmoz egin duten egitasmoa kontatuko digu Zeraingo zinegotzia den Arantxa Ruiz de Larrinagak.
Gaur hasiko zenituzkete herriko festak Zerainen. Zein da herritarren sentsazioa jaiak bertan behera geratu direla ikusita?
Martxotik hona oso aukera gutxi izan ditugu herritarrok elkar ikusteko eta inpresio orokor bat jasotzeko, baina bat edo besterekin egon naiz eta orokorrean guztiok garbi genuen aurtengo festak ez zirela aurrera aterako.
Beraz, aspaldi jakin zenuten aurten ez zenituztela ospatuko?
Ekainean harremanetan jarri ginen inguruko herriekin. Gure kasuan Gabiria eta Zegama dira abuztuan festak ospatzen dituztenak, nolabait ere garai antzekoan, eta haiek ere zaila ikusten zutela esan zuten. Uste dut orokorrean Donostiako, Bilboko eta Gasteizko festak bertan behera geratu zirela ikusi genuenean panorama argitzeko balio izan zigula. Azken finean handiak diren hiri horiek festak ez zituztela egingo ikusita…
Agian horiekin alderatuz, Zerain herri txikia izanik errazagoa izango litzateke festak egitea, kontrolatuago mantentzea…
Bai, hori bai, errazagoa izango litzateke jende gutxiago dagoelako, baina segurtasun neurriak mantentzeko ditugun baliabideak ere urriagoak dira. Gure kasuan udaletik bilera irekia deitu genuen urtero bezala, festetako batzordearekin batzeko. Bilera hau deitu genuen esateko ez genituela baldintza egokiak ikusten festak aurrera eramateko. 15-18 pertsona elkartu ginen, udalekoak eta herritarrak, eta hor adostu genuen jaiak bertan behera uztea.
Herri afaria ez egitea ere bilera horretan adostu zenuten?
Guretzat oso polita izaten da herri afari hori. San Roke egunean egiten dugu, eta horrekin amaitzen ditugu festak. Afari herrikoia izaten da, jendeak etxetik eramaten du janaria eta familiaka elkartzen gara plazan. Guztira ia 300 pertsona. Guretzat oso berezia denez, modu batera edo bestera egin zitekeen aztertu genuen, pena handia ematen zigulako ez elkartzeak, baina 300 pertsona batzea ezinezkoa da momentu hauetan. Gainera pertsona horiek ez dira Zeraingoak soilik, kanpoko jendea ere etorri ohi da. Gu 250 biztanle gara, baina egun horretan kanpoan bizi diren senideak baserrietara etortzen dira.
Hala ere, espiritu hori piztuta mantentzeko asmoz herriko ekoizleei laguntzeko ekimena jarri duzue martxan. Nolatan otu zitzaizuen ideia hau?
Modu batera edo bestera festak presente egotea zen gure asmoa. Zeraingo produktu tipikoak gazta eta sagardoa direla kontuan hartuta, herriko ekoizleei produktuak erostea eta herritarrei etxeetan banatzea bururatu zitzaigun. Ziurrenik bakoitzak festak bere etxean ospatuko dituenez, pentsatu genuen ideia polita zela horrelako ekimen sinboliko bat egitea eta era berean herriko ekoizleei laguntzea. Poltsa hauetan produktuez gain bertso bat duen txarteltxo bat ere sartu dugu, atzealdean zozketa zenbaki bat duena. Zenbaki horiekin Iñaki Mendarte ekoizle gaztearen baratzeko produktuak zozketatuko dira, 5 saski guztira.