Baztertu egin dute bigarren konfinamendu orokor bat ezartzeko aukera
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen sailburuak esan du neurri murriztaile berriak hartu behar direla, baina bigarren konfinamendu orokor baten ideia baztertu du
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen sailburuak nabarmendu duenez, astelehenean “jarduera-esparru berri bat izango duen” Osasun Larrialdi egoera aktibatuko da. Nekane Murga Osasun sailburuarekin batera emandako prentsaurreko batean, Tapiak adierazi du COVID-19ak eragindako egoera larriagotzen ari dela, eta hau ekiditeko ezinbestekoa dela neurri murriztaile berri eta sendoagoak hartzea. Hala ere, baztertu egin du bigarren konfinamendu orokor bat ezartzeko aukera. Argi utzi nahi izan du garaiz ari direla lanean, eta behar diren neurriak hartuta iraganean bizitako moduko egoerak saihestu ahal izango direla.
Neurri horietako batzuen berri eman du Tapiak. Edukierak murriztuko dituzte; «inoiz ez hamar pertsona baino gehiago». Neurri hau ez da leku guztietan aplikatu beharko; zinema eta aretoetan, besteak beste, jendea musukoa jantzita, eserita eta «modu ordenatuan» egoten baita. Jende pilaketak sortzen diren lekuetan berriz, esaterako ostalaritzan eta garraio publikoan, neurri hauek aplikatuko dituzte jende pilaketak ekiditeko asmoz. Ordutegiak mugatuko dituzte horretarako.
Murrizketa berriak dituen jokaleku berri honen helburuak, batez ere, hiru izango dira: lehena, osasun sistema babestea, gainezka egin ez dezan; bigarren konfinamendu bat saihestea da bigarrena, eta birusarekin bizitzen ikastea azkena, tratamendurik edo txertorik ez dagoen bitartean.