Jaurlaritzak osasun larrialdia ezarriko du astelehenetik aurrera
Gaur Bilbon 12:30etan duten agerraldian emango dituzte neurriei buruzko xehetasunak Tapia eta Murga sailburuek
Atzo gauean Telegram kanalaren bidez emandako ohar baten arabera, Eusko Jaurlaritzak astelehenetik aurrera ezarriko du osasun larrialdia. EAEko Aldizkari Ofizialean osasun larrialdia ezartzeko arauaren arabera, besteak beste, Jaurlaritzak agindu ahal izango du herritarrak etxean konfinatzeko. Honez gain, ekintza batzuk eta zerbitzuen erabilerak moldatu ahal izango ditu. Alegia, Iñigo Urkullu lehendakariak eskumena izango du herritarren joan-etorriak murrizteko eta jendea bakartzeko. Astelehenetik aurrera hartuko dituzten neurriei buruzko xehetasunak emateko Bilbon egingo dute agerraldia gaur 12:30etan Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuak eta Nekane Murga Osasun sailburuak.
Jaurlaritzaren ohar hau baino lehen, Madrildik iritsi ziren atzo COVID-19aren igoerari aurre egiteko hainbat neurri. Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak atzo eguerdian egindako prentsaurrekoan adierazi zuen egoera epidemiologikoak okerrera egin duela eta Osasun Ministerioak arau berriak adostu zituen autonomia erkidegoetako presidenteekin. Arau gehienek gaueko aisialdiari eragingo diote; izan ere, Illaren esanetan, «ezinbestekoa» da gaueko aisialdia bertan behera uztea pandemiaren bilakaera eteteko.