100 urte bete zituen pasa den ostiralean Carmen Madinabeitia legazpiarrak
Legazpin bizi den baina jaiotzez Araiakoa den "tia Carmenek" 100 urte bete zituen abuztuaren 14an
Carmen Madinabeitia legazpiarra 100 urte bete zituela ospatzen Legazpin bizi den Carmen Madinabeitia Mugikak 100 urte bete zituen pasa den ostiralean. Zortzi anai-arrebetatik laugarrena da bera, eta jaiotzez Araiakoa den arren, 1938an Gerra Zibil garaian, Legazpira joan zen Conchari, bere ahizpa nagusiari, haurrak zaintzen laguntzera. 18 urte zituen garai hartan, familia ekintzaile batekin egin zuen topo: lehenengo hotelaren eta gasolinera baten jabeak ziren, eta Legazpiko egunkarien salmenta ere eramaten zuten.
Ilobak zaintzen zituen bitartean, bere koinatua zen Alonsori laguntzen zion bere enpresetan. Etxeko txapinak egiten hasi zen, eta azkenean berez kabuz zapatari izaten amaitu zuen. Alonsoren kale zaharreko dendatxoan ere saltzaile lanetan ibili zen urteetan zehar, egunkari, aldizkari, plumier, liburu eta zapata artean.
Izan dituen iloba, biloba eta birbiloba guztiek “tia Carmen” izenez ezagutzen dute. Emakume borrokalaria eta bere garairako aurrerakoia kontsideratu izan dute beti, askotan ibili izan da lanean soilik gizonezkoek egin ahal zituzten lanetan.
Carmen beti egon izan da gainontzekoei laguntzeko prest, bai bere familiari eta baita Legazpin laguntza behar zuen beste edonori ere. Guztientzat ateratzen du denbora, eta horregatik da hain maitatua.
Abuztuaren 14an bere urtebetetzea ospatu zuten, eta bertan egon ziren bere familia, Santikutz zaharren egoitzako langileak eta Udaleko zinegotziak diren Maite Lonbide eta Amaia Zaldua.













