«Jokalarien bilakaera konfinamendutik hona zoragarria izan da»
Urteetan zehar errugbian entrenatzaile izatetik kirol zuzendaria izatera pasa zen duela 3 urte Ion Txurruka, “Txofo” ezizenez ezaguna. Aurtengo denboraldiari begira dauden gorabeherak azaldu ditu AMPO Ordiziakoak.
Zein da zuen sentsazioa entrenamenduak hasi eta gero?
Zalantza asko izan ditugu. Hasieratik jakin genuen egoera oso konplexua izango zela, eta momentu horretan zalantza asko sortu ziren arren, erabaki genuen egoera normala izango balitz bezala lan egitea. Ez da erraza izan baina horretan ari gara, azkenean baldintza asko eskatzen dituen egoera bat da, baina gutxi gora-behera normal ari gara entrenatzen.
Guztiak ari dira entrenatzen ala batzuk bakarrik?
Ordizian mutilen senior taldea bakarrik dago lanean. Espainiako Federakuntzak emandako gomendioak betetzen ari gara, eta momentuz taldeka ari dira entrenatzen. Uztailera arte prestakuntza fisikoa landu dute bakarka, eta uztailean eta abuztuan kontakturik gabeko errugbia egiten gabiltza. Suposatzen dugu irailean hasiko garela kontaktua lantzen, eta denboraldia urriaren 11an hasiko dela. Momentuz datu horiekin ari gara jokatzen.
Horrela entrenatu behar izateak nola eragiten die jokalariei fisiko eta psikologikoki?
Jokalarientzat okerrena da ez jakitea zertarako ari diren entrenatzen, ligaren hasiera kili-kolo egotea oso kaltegarria da beraientzat, baina entrenamenduetan oso ongi ari dira moldatzen. Egia esan jokalarien bilakaera konfinamendutik hona zoragarria izan da. Fisikoki nabaritu dute, batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago, baina ezinezkoa da hori saihestea. Orokorrean guztiek egin dute lana, baina ez da erraza. Guztiek ez dituzte baldintza berdinak etxean, batzuk espazio handiagoak dituzte baina beste batzuk pisu txikitan bizi dira jende askorekin eta horrek zaildu egiten du egoera. Beste kontu bat errugbian ezinbestekoa dena kontaktu fisikoa da, eta martxotik ez dugu kontakturik izan, orduan orain hasten garenean lehenengo kolpe eta lesioak sor daitezke. Nahiz eta fisikoki oso landuta egon ez dakigu zer gertatuko den kontaktuarekin hasi arte.
Gogotsu ikusten dituzu jokalariak? Eta zaleak?
Jokalariak liga hasteko irrikan daude, eta zaleak ere bai. Kalean nabari da, jendea galdezka dabil ea noiz hasiko garen, azkenean jende asko mugitzen du eta normala da.
Zerbait positiboa atera duzue egoera honetatik?
Azkenean horrelako egoera batek daukazun hoberena ateratzera behartzen zaituela uste dut. Zure proiektua ez bada sendoa, oinarri on bat ez badauka, horrelako egoeratan arrisku handia egon daiteke. Guri honek erakutsi diguna izan da gure kasuan proiektua oso ona dela, babesle asko ditugu eta oso onak gainera, eta horrek asko laguntzen du.