Eritz Perlines zinegotzi jeltzaleak bere karguari uko egitea erabaki du
EAJ udal taldeko zinegotziak asteartean aurkeztu zuen udalean bere karguari uko egiten diola adierazten duen idatzia
EAJk helarazitako prentsa ohar baten arabera, ikasturte berriari ekin aurretik eman nahi izan du bere karguari uko egiteko erabakiaren berri Eritz Perlines zinegotzi jeltzaleak. Bere lekua hartuko duen zinegotziari bidea errazte aldera hartu du orain erabaki hau, udako geldialdiaren ondoren udazkenetik aurrera berriro ere ohiko jarduerei helduko baitie udalak.
Zinegotziak bizitzako etapa berri bati ekin nahi diola azaldu du, eta etapa berri horri ekiteko beharrezkoa ikusi du zinegotzi karguari uko egitea. Karguan izan den urte honetan ikasitakoengatik eskertua azaldu da Perlines, eta zinegotzi bezala izandako esperientzia berarentzat etengabeko prozesu bat izan dela adierazi du.
EAJ udal taldeak ere eskerrak eman dizkio bere karguan egindako lanarengatik. COVID-19a tarteko urte zaila izan dela azpimarratu dute eta eskerrak eman dizkiote, besteak beste konfinamendu egunak arintze aldera Perlinesek martxan jarri zuen Ordizia Erronka ekimenagatik.
Eritz Perlinesek azaldu du Ordiziarekin konprometituta jarraitzen duela eta beste esparru batzuetatik bada ere Ordiziaren alde lanean jarraituko duela.