Igartza Jauregia mitologia eta kondairaz beterik
Gaur arratsaldeko 19:00etan bisita gidatu mitologikoa eskainiko dute gaztelaniaz Igartza Jauregian
Beasaingo eta inguruko auzoetako bizilagunek tradizio eta ohitura ezberdinak mantendu dituzte urteetan zehar. Ohitura horien artean kondairak daude, belaunaldiz belaunaldi ahoz aho transmititu direnak. Hori dela eta, herri ezberdinetan kondaira berdinaren bertsio ezberdinak aurkitzen dira askotan.
Igartzako Monumentu Multzoak eskainitako bisita gidatu mitologiko honetan, Beasaingo Arriaran, Garin eta Matxinbenta auzoetako elezahar ezberdinak entzuteko aukera izan dute bertaratu direnek. Guztira zazpi kondaira ezberdin kontatu dituzte, tartean Murumendiko Damaren edota Martin Txiki eta jentilen kondaira. Azaldu dutenez, bisita honen helburua mantendu izan diren elezaharren difusioa egitea izango litzateke, egungo gizarteak istorio hauen berri izateko eta gaurko kulturan mantentzeko.
Horrez gain, Beasaingo ondarearekin loturik aurkitzen diren elezahar ezagun batzuk ere kontatu dituzte, honela Igartza bera ere mitologiaz eta kondairaz betez. Istorio hauen bidez, garai bateko pentsalmoldea nolakoa izan zitekeen azaldu dute, baita garai hartako gizarteak zituen ikuspuntu ezberdinak.
Gaur eskainiko duten bisita gaztelaniaz izango da, eta 19:00etan hasiko da Igartza Jauregian. Sarrera 4€ izango da, eta aldez aurretik izena emateko igartza@beasain.eus posta elektronikora idatzi edota 943087798 telefono zenbakira deitu beharko da.