Leizarrate, gizateriaren igarobide
Artzain, mendizale, erromes, merkatari, bidelapur, errege eta hainbat armadaren pasaleku izan da historian zehar San Adrian edo Leizarrateko pasabidea. Zegamatik eta Otsaurtetik gora, Aldaolako aparkalektik erraz egiteko moduko ibilbidea da.
Artzain, mendizale, erromes, merkatari, bidelapur, errege eta hainbat armadaren pasaleku izan da historian zehar San Adrian edo Leizarrateko tunela. Aratz-Aizkorri parke naturalaren bihotzean kokatua, eta mila metro pasako garaieran, begiratoki aparta da inondik-inora, baita haize-korronte lekua ere. Bere egunean, Astorga (Leon, Gaztela) eta Bordele (Okzitania) lotzen zituen galtzadaren lekuko, 57 metro luze eta 10 metro zabal den leize honek, San Adriango ermita gordetzen du barrenean. Haren azpialdea indusketa eremu kutuna da Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoentzat, ugariak baitira aztarnategian aurkitutako iraganeko altxorrak. Duen iluntasunaregatik Infernuko ahoa ere deitua, Gizateariaren Ondaren izendatu zuen Unescok 2015. urtean.
Aldaolatik, di-da batean
Zegamatik izan ala Etzegaratetik, Otsaurteko Bentaren pare-paretik abiatzen den hormigoizko bidea da Aldaolako aparkalekurako irispidea. Hura da ibilbidearen abiapuntua, 828 metrora. Bost kilometroko bidean, aurrez Beundeko atsedenlekua ikusiko du bisitariak ezkerretara, eta bideari zeharrik zehar eskubira segiz heltzen da autoa uzteko lekura. Pagoen itzalpean abiatzen da bidezidorra, tartean batean kanala gainetik pasaz, eta konturatzerako Mikeleteen etxea eta garai bateko aterpetxea izana azalduko da parez pare.
Begien aurrean dago San Adrian. Arrasto zuri-berdeei segiz ordu erdi eskasean ailegatzen da bertara, hasieran erosoago, bukaeran harrikariak zailduta. Eta bertan, gozatu paisaiaz, eta kontuz ibili erorikoekin, ez baita harritzekoa izaten irrist egitea. Bidea labur antzekoa egin zaionak, Ezkaratzako iturriraino jo dezake galtzadari segiz, zuhaitz artean atseden hartzeko. Itzulera bide beretik edo Sancti Spirituko ermitatik egin daiteke.
Ibilbidea:
· Abiapuntua. Aldaolako aparkalekua. Aratz-Aizkorri Parke Naturaleko sarbide nagusienetako bat da. Zegaman dago Anduetza parketxea, egur museoa ere badena.
· Ibilbidearen ezaugarriak. Erraza. Bi orduko joan-etorria, desnibel txikiarekin.
· San Adriango tunela. Gizateriaren ondare. Unescok izendatu zuen, 2015. urtean.Anduetza parketxea
· Lekua. San Bartolome auzoa (Zegama).
· Parketxea. Aratz-Aizkorri parke naturalaren interpretazio zentroa eta Egur museoa.
· Ordutegia. Ikus beheko publizitatean uztail, abuztu eta iraileko ordutegiak.
· Jarduerak. www.gipuzkoanatura.eus.
· E-posta. anduetza@gipuzkoanatura.eus.
· Telefonoak. 943 80 21 87 / 688 623 609.
· Sare sozialak. @gipuzkoakoparketxesareafundazioa eta @GipuzkoaNatura