Igartubeiti baserrira bisita gidatua egin dute gaur
Eraikinaren historia, garapena eta baserritarren bizimodua ezagutzeko aukera izan dute besteak beste Ezkioko Igartuibeiti baserri museora hurbildu direnek
Ezkiora hurbildu dira gaur bisitariak bertan eskainitako azalpenez gozatzeko asmoz. Urola Garaiko turismo bulegoak antolatutako bisita 12:30etan hasi da Igartubeiti baserri museoan. Lehenik eta behin bertako antolatzaileek gazta pintxo eta sagardo dastaketa txiki bat prestatu dute inguratu direnentzako, eta jarraian XVI. mendeko baserrian barrena abiatu dira.
Iban Maiz izan da gaurko gaztelaniazko bisita gidatuan azalpenak ematen aritu dena. Sartu baino lehen baserriko atarian geldialdia egin dute eraikinaren kanpoko eta barruko materialak zein diren aipatzeko, izan ere, ia bere osotasunean egurrez egina dagoen baserria da hau. Gidariak baserri hau aro hartako “Frankenstein”-tzat hartu zitekeela azaldu du, hainbat teknika eta material berritzaileekin egin baitzen bere garaian.
Behin barruan egonda, beheko oinean sukaldea, ukuilua, upategia eta gelak ikusteko aukera izan dute bertaratutakoek. Txoko bakoitzak ezkutatzen dituen bitxikeriak, eta elementu bakoitzaren kokapen estrategikoa zein den azaldu du Ibanek; esaterako, logela nagusia, zurezko paretekin egina eta sukaldearen ondoan eraikita, horrela ahalik eta berotasun gehien mantentzeko asmoz.
Sukaldean hasten den eskaileretatik gora joanda ganbarara heldu dira, janariak biltzeko eta sagardogintzan jarduteko tokira. Erdi-erdian dago baserriaren atalik funtsezkoena: dolarea. Hau urtean behin bakarrik erabiltzen zuten sagardoa egiteko, baina dolare honek markatzen ditu baserriaren ezaugarriak. Oraindik ere, XVI. mendeko baserritarren ohiko prozedura jarraituz, urri inguruan martxan jartzen dute Igartubeitiko dolarea bisitariek sagardoaren prozesua ikusteko aukera izan dezaten.
Amaitzeko, baserrian ikusitakoa laburtzen duen ikus-entzunezko bat jarri dute. Bertan, garai hartan Igartubeitin bizi zen Kattalin baserritarra izango zenaren pertsonaia antzezten duen emakume baten bitartez jaso dituzte azalpenak.
Bisiten inguruan informazio gehiago nahi duenak, eskuragarri dauka Igartubeiti baserri museoaren webgunean edota 943 725 107 telefono zenbakira deituta.