Ukitu magikoak izan dituen ibilaldi gidatua egin dute gaur Lizarrustin
Lizarrustitik abiatu den bisita gidatua antolatu du gaur goizean Gipuzkoako Parketxe Sareak
11:00etan abiatu dira Ataungo Lizarrusti Parketxetik gaurko ibilaldi gidatua egiteko asmoz. Urko izan da gaurko bisitariak pagadien artean gidatu dituena. Lareoko paseo ezagunaren ordez, bide zirkular bat hartu dute gaurkoan.
Nafarroa eta Gipuzkoako mugek topo egiten duten ibilaldia da hau, eta honi esker urteetan zehar kontrabandoan ibiltzen ziren lekuak ikusteko aukera izan dute bertaratu direnek. Hemendik pasatzen ziren baita ere Mikeleteak edota ikazkinak besteak beste.
Ukitu magikoak dituen ibilaldi honetan, zuhaitz bakoitzaren inguruan zeuden sinesmenak azaldu ditu gaurko gidariak, bost espezie guztira. Garoz inguratutako bideetan barrena, lizarra ikusi dute esaterako. Espezie hau espezie bedeinkatu bat zela esaten zuten garai batean. Antzina baserritar euskaldunek pentsatzen zuten itzala emateaz gain, abereak zaintzen zituela. Oraindik ere Euskal Herriko hainbat etxeetan San Joanetan lizar adarrak jarri ohi dira etxeko atarian, agian orain ez hainbeste sinesmen kontuengatik baina bai ohituragatik.