Atzo eman zioten amaiera 3000km x Nahia erronkari
Emozioz betetako 45 egun eta gero, atzo amaitu zuen Carlos Moranek beste 12 korrikalarirekin batera 3000km x Nahia erronka
Txalo artean jaso zituzten atzo arratsaldean Carlos Moran eta gainontzeko 12 korrikalariak Zegamako plazan 24. eta azken Zegama-Aizkorriko buelta egin ostean. Jende mordoa bildu zen plazan erronkaren amaierako zati honetan parte hartu zuten korrikalari guztiei azken bultzada emateko. Nahiaren ama den eta maratoian parte hartu zuen Karmele Ormazabal, Carlos Moran eta Nahia bera izan ziren azkenak plazan sartzen.
Uztailaren 10ean hasi zuen Moranek 3000km x Nahia izeneko erronka Nahia Gomez gazteak duen giltzurrunetako gaixotasuna ezagutzera emateko. “Ederra egin dut!” pentsatu zuen Carlosek gainontzekoei azkenean erronka egingo zuela esan zienean, baina “erronka amaitzeko neukan itxaropen hori ere badaukat Nahia ongi jarriko dela jakiteko”, gaineratu zuen atzo zegamarrak.
Egiten zuen itzuli bakoitzean Urbiako fondan dortsalak uzten joan zen Carlos, eta atzo guzti hoiek jaitsi eta Txanton tabernan zeudenakin batera Nahiari eman zitzaizkion.
Amaieran eskainitako hitzetan Nahiaren amak emozioz beterik esker ona azaldu nahi izan zien inguratu eta erronka gertutik jarraitu zuten guztiei. “Hasieran Carlosek erronka hau egingo zuela esan zidanean erotuta zegoela esan nion”, baina garbi utzi zuen asko eskertzen diola ekimen hau aurrera eraman izana, Nahiari aurrera jarraitzeko sekulako txutea eman baitio.