«Egia esan jendeak oso ongi erantzun du eta mugimendua egon da»
Itsason aurkitzen den Ibur zalditegiko arduraduna da Arantxa Ertzilla. Jarduera eta ekintza ugari eskaintzen dituzte bertan, batzuk ezagunagoak, baina horren arruntak ez diren beste zenbait ere bai. Garai gora-beheratsu hauetan zer moduz moldatu diren kontatu digu.
Zein dira eskaintzen dituzuen zerbitzuak?
Gure helburua da jendeari erakustea zaldia ez dela tresna bat, animali bat dela eta sentimenduak dituen heinean errespetatu egin behar dela. Eskaintzen ditugun ikastaro eta gauza tipiko horietaz aparte, baita ere eskaintzen ditugu coaching saioak, emozioen heziketa eta konstelazio sistemikoak.
Zertan datza konstelazio sistemikoaren kontu hori?
Guztiok sistema baten barruan bizi gara onartu ala ez, eta askotan ditugun arazo asko konturatu gabe errepikatzen ditugu. Pentsa etortzen zarela hona helburu batekin: “hurrengo urterako proiektu bat atera nahi dut”. Hitz egiten hasten zara eta zuk erabakitzen duzu aske dauden zaldi horietatik zein izango den zure ordezkaria eta zure helburua zein den, beste zaldi batekin. Gauzak kontatzen hasten zara eta agian niri esango didazu zure bizitzan garrantzitsuena dela dena delakoa, eta halako batean “proiektua” mugitzen hasi eta alde egiten du. Orduan nik galdetzen dizut ea benetan zure bizitzan garrantzitsuena proiektu hori den, apur bat hausnartzera bultzatuz. Magia ematen du. Zuk zaldiei ez diezu ezer esaten, ez dute ulertzen animaliak direlako, baina zerbait badago.
Eta horrez gain, irteera eta ikastaroak ere eskaintzen dituzue?
Bai, ikastaroak, irteerak eta galopeetarako ere prestatzen dugu jendea. Galopeak titulazioak dira, hizkuntza eta musikako azterketetan bezala. 7 maila daude eta galope bakoitzean gauza zehatz batzuk ikasten dira. Adibidez zati batean sartzen dira zaldiaren zaintza, alde praktikoa eta alde teorikoa. Teorian egongo litzateke zaldiaren eskeletoa, mugimendua, mendian zaudenean hartu beharreko segurtasun neurriak… Gainera titulazioa internazionala da. Pentsa 16 urte dituen batek ikasketak uzteko erabakia hartu eta Frantziara edo Ingalaterrara joan nahi duela zaldiekin lan egitera; titulazio horri esker han jakin dezakete zein den zure maila eta bertan lan egiteko aukera ematen dizu. Azkenean guk hemen azterketa hori egiteko formakuntza eskaintzen dugu, hizkuntzekin gertatzen den bezala. Agian zu euskalduna zara eta euskaraz hitz egiten duzu, baina ez badizute EGA nola egin erakusten, ziurrenik ez duzu gaindituko.
Zaldiak zuek dituzue ala bakoitzak berea eramaten du?
Aukera eskaintzen dugun arren, oraingoz bere zaldia ekartzen duen pertsona bakarra dago, beste guztiak gureak dira. 20 dauzkagu guztira, tamaina ezberdinetakoak. Ume asko etortzen dira eta beste leku batzuetan zaldi handiak izaten dituzte soilik; horren ondorioz umeek ezin dituzte zaldiak orraztu, hauei aulkia jarri… autonomia kentzen diete. Poney-ak beraien tamainakoak direnez, formakuntza hori jasotzeko aukera izaten dute eta ez daukate dependentzi hori beste kasu batzuetan bezala. Jende asko etorri izan da esanez Jakan egon direla zaldi gainean ibiltzen, eta galdetzerakoan ea aulkia zaldiei beraiek jarri dieten ezetz esaten digute; “hor zeuden bata bestearen ondoan lotuta, joan gara, ordubeteko paseoa eman dugu eta etxera”. Gure helburua ez da hori, guretzat ez dira makinak. Norbait guregana etorriko balitz esanez soilik paseo bat eman nahi duela beste ezer egin gabe errespetatuko genuke, jakina, ez dugu inongo arazorik, baina azkenean gure helburua formakuntza hori eskaintzea da.
Egiten dituzuen ibilbideetatik zein da bezeroei gehien gustatzen zaiena?
Normalean gehien bat Mandubira egiten dugun irteera gustatzen zaie eta askotan joaten gara. Aurten koronabirusa dela eta ezin izan dugu, baina beste urteetan ere askotan joan gara Zumarragan dagoen Antioko baselizara.
Nola eragin dizue COVID-19ak?
Hiru hilabetez itxita egon zen zalditegia, eta gero poliki poliki hasi ginen, beti noiz itxiko zigutenaren beldurrez. Egia esan jendeak oso ongi erantzun du eta mugimendua egon da. Hala ere nabaritu dugu beste urteetan baino jende gutxiago etorri dela. Urtero udalekuak antolatzen ditugu eta umeak bertan geratu ohi dira lotan, baina aurten ezin izan dugu; udaleku irekiak izan dira, goizez ala arratsaldez etortzeko aukera egon da, baina ezin ziren lotan geratu.
Turistak jaso al dituzue?
Iaz baino gutxiago, baina bai. Lehengo urtean japoniarrak eta holandarrak izan genituen besteak beste. Aurten batez ere Espainiatik etorri da jendea, beste urteetan etorri ez diren lekuetatik: Maldrildik, Guadalajaratik, Andaluziatik… Guztiak oso jatorrak eta xaloak.