Sendabelarrak eta herri ondarea
Legorretako herri ondarea biltzeko ahaleginetik sortu da Xendabelarrak egitasmoa, herriaren historia, mitoak eta kondairak, baserria, emakumeak eta sendabelarren inguruko jakintza jasotzen dituen proiektua. Haren bueltan, hiru ibilbide osatu dituzte, sendabelarrak ezagutzeaz gain, herriko auzo, gain eta baserri eremuak ere ezagutzeko aukera ematen dutenak.
Ukenduak, infusioak, olioak, kremak… sendabelarrek garrantzia handia izan dute gure osasuna zaintzerako garaian, eta belaunaldiz belaunaldi transmititu da horien balioa, nahiz eta azken urteetan, haien erabilpena eta jakintza asko murriztu diren. Hori ikusita, herri jakintzaren ondare honi bere tokia eman nahi izan diote Legorretan, eta sendabelarren inguruko bilketa lana ez ezik, hauek ezagutzeko hainbat ibilbide ere osatu dituzte, Xendabelarrak izenarekin.
Historia, emakumeak eta ondarea
Aurreneko ibilbideak, alor historikoa lantzen du. Mitologia eta sorginak, medikuntza akademikoaren eta herri jakintzaren arteko talka, edo ahoz ahoko transmisioa, besteak beste. Herrigunetik abiatuta, San Joan iturrira eramango gaitu ibilbide honek (PR-GI-208), bidean Urdaneta eta Esnaola auzoak pasata; 7,2 kilometroko itzulia da.
Bigarren ibilbideak (PR-GI-207), baserria eta emakumea, balioa eta memoria ditu oinarri. Koate auzotik gora, Burnigurutzetaraino iritsiko gara, eta Santa Marinatik bueltan jaitsi, ia 10 kilometroko itzulia osatuz.
Hirugarren eta azken ibilbidea (SR-GI-49) da motzena eta herrigunetik gutxien aldentzen dena. Koate auzotik buelta egiten baitu, 3,2 kilometroko bidean. Bertan, ohiko 12 sendabelarrak ezagutzeko aukera dago.