Aritz Elustondok 2024ko ekainaren 30era arte berritu du kontratua Realarekin
Bi denboraldiz luzatu du kontratua Realeko jokalari beasaindarrak
Aritz Elustondo Realeko jokalaria izango da 2024ko ekainaren 30a arte. Beasaindarrak gaur, abuztuaren 26an, sinatu du kontratu berria Reale Arenako bulegoetan. Dagoeneko bost denboraldi daramatza lehen taldean, eta azken denboraldian 22 partida jokatu ditu Realarekin.
“Zoriontsu zaren lekuan jarraitzeak ez du parekotasunik”, adierazi du Elustondok bere sare sozialetan. Klubari bere esker ona adierazi nahi izan dio, eta argi utzi du beregan jarri duten konfiantza hori zelaian islatuko duela.
Beasaindarrari Covid-19aren inguruan galdetzean erantzun du ez dela atsegina garai hauetan PCR proban positibo eman duzula jakitea, “baina zorionez ez dut sintomarik eduki eta nire taldekideekin itzultzeko irrikan nago”.
Hastear dagoen denboraldia urte garrantzitsua izango dela adierazi du, eta taldeak lehiaketa guztietan “anbizio handia” izan behar duela irizten dio, “errutina baten hasiera izan dadin”.