Eneko Dorronsoro eta Fredi Pelaezen kontzertua bihar Beasaingo Igartza jauregian
Bihar aurkeztuko dute Eneko Dorronsoro ataundarrak eta Fredi Pelaez lazkaotarrak ‘Agirre’ izeneko beraien azken lana
Beasaingo Udalak COVID-19ak baldintzatutako egoera honetan kultur jarduerei eustea erabaki zuen, eta hori dela eta, bihar 22:00etan kontzertua eskainiko dute Eneko Dorronsoro eta Fredi Pelaezek Beasaingo Igartza Jauregian. Beraien azken lana aurkeztuko dute bertan: ‘Agirre’. Disko hau 2019ko abenduan grabatu zuten Beasaingo Pottoko estudioan, zuzeneko saioetan.
Igartza jauregiko edukiera mugatua dagoenez, 36 sarrera-gonbidapen jarri zituzten eskuragarri. Segituan agortu ziren sarrerak, baina joateko aukerarik ez dutenei gogorarazi nahi izan diete kontzertua Goierri Telebistak grabatuko duela eta kontzertuaren hurrengo astean Beasaingo Udalaren YouTube kanalean ikusgai izango dela.