«Gauzak okertu egin ziren eta azkenean ekainean ireki beharra izan genuen»
Zumarragako Aginaga auzoan kokatuta dagoen Martiamuno landetxeko jabea da Edurne Astigarraga. Aurten obrak egin dituzte eta baserria goitik behera berritu dute. Ekainean ireki zuten landetxea, eta garai errazena izan ez den arren, harrera ona izan dutela dio.
Nola sortu zitzaizuen landetxe hau sortzeko ideia?
Orain dela lau urte etxe-ordea ireki genuen apur bat honen funtzionamendua nolakoa zen ikusteko eta oso ongi joan zen, baina handik bi urteetara baserrietan aniztasun funtzionala duten pertsonentzako gelak egotea beharrezkoa zela esan ziguten, eta aurreko etxean ez zegoen horretarako aukerarik. Udaletxearekin hitz egin genuen eta baserrian aniztasun funtzionala duten pertsonentzako gela bat egitea lortu genuen, baina gero Eusko Jaurlaritzako diputatuek esan ziguten gela bakarra jartzea ez zela posible, desfasatuta geratzen zelako. Azkenean tokia bazegoela ikusita, guztira 3 gela, 2 sukalde eta egongela bat egitea erabaki genuen.
Guztira 3 gela dituzue orduan?
Bai, 3 gela, egongela partekatu bat eta gero 2 sukaldeak: bat gosaria emateko erabiltzen duguna eta bestea guztien arten partekatzen dutena.
Ez da garai errazena izan landetxea irekitzeko, zer moduz joan da?
Berez Aste Santuetan irekitzea zen gure asmoa, baina gauzak okertu egin ziren eta azkenean ekainean ireki beharra izan genuen. Hala ere, ezin gara kexatu. Jende asko zegoen aurretik erreserba eginda eta baja asko egon dira, baina jende mordoa etorri da azkenean. Egun batean kenduta, beste guztietan gela guztiak beteta izan ditugu azken orduko erreserbei esker.
Zenbat bezero jaso dituzue?
Ez dakit zifra bat esaten, baina beste urteekin alderatuta ezberdina izan da. Aurreko urteetan jendea egun bat edo bi pasatzera etorri ohi zen, eta aurten ordea egun gehiago igarotzeko etorri dira: 15 egun, 10 egun, astebete…
Nongo jendea jaso duzue?
Atzerritarrak gutxi; Holandatik pare bat familia, beste hiru Serbiatik eta bihar Hegoafrikako Reunion irlako beste familia bat. Hala ere aurten batez ere katalanak jaso ditugu. Beste urte batzuetan ingelesak edota amerikarrak jaso izan ditugu besteak beste eta tartean Madrilgo edota Kataluniako familiren bat, eta aurten alderantziz gertatu da; bakarren bat atzerritarra eta gainontzekoak katalanak.