325 kazetarik Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritza bat eskatu dute
Gaur goizean aurkeztu dute Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritzaren aldeko manifestua 325 kazetarik, horien artean Goierriko Hitzako kazetariak

Euskal Herri osoko komunikabideetako kazetari euskaldunek Jaurlaritzako hurrengo arduradunak euskaldunak izan daitezela eskatu dute. Hain zuzen 325 kazetari euskaldun izan dira eskaera hau egiteko manifestua sinatu dutenak, eta gaur goizean aurkeztu dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak eta Maite Artola Euskadi Irratiko esatariak irakurri dute adierazpena.
Manifestuan adierazi dute euskaraz lan egiten duten kazetariak desberdintasun egoera batean bizi direla euskaraz egite hutsagatik. Azaldu dute erakunde publikoek lehen mailako erantzukizuna dutela euskararen normalizazio prozesuan, eta horregatik eskatzen diote datorren Eusko Jaurlaritza osatu behar duen arduradun nagusiari, euskaraz hitz egiten duten sailburu eta arduradunak izenda ditzala.
“Kazetariaren betebeharra da galderak egitea; arduradun politikoen erantzukizuna, berriz, horiei erantzutea. Baita euskaraz ere”, azpimarratu dute. Manifestuaren sinatzaileen ustez, ordea, hori ez da hala izaten, eta garbi utzi nahi izan dute ez direla aski euskarazko adierazpen irakurriak edota ardura gutxiagoko ordezkarien euskarazko bozeramailetza behartuak, “ez dira aski euskaraz ari garen komunikabideetako profesionalontzat, eta, batez ere, ez dira aski informazioa euskarazko komunikabideetatik jasotzen duten herritarrentzat”.
Amaitzeko, hurrengo adierazi dute: “Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritza zor zaio euskal kazetaritza profesionalari. Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritza zor zaie herritarrei”.