«Aspaldi samar erabaki genuen San Agustin jaiak bertan behera uztea»
Legazpiko Brinkola auzoan bizi da Javier Agirre. San Agustin jaiak bihar hasiko ziren arren, aurten gainontzeko festa guztiak bezala bertan behera geratu dira eta pena handia dute herritarrek.
Bihar hasiko zenituzten Brinkolan San Agustin jaiak. Zein da herritarren sentsazioa bertan behera geratu eta gero?
Triste, oso triste. Gainera aurten 25 urte ospatzen genituen rock kontzertuak, txerri harrapaketak, tortilla patata lehiaketa eta gainerako hainbat ekitaldi egiten hasi ginela. Hori ospatzeko Hesian taldea ere ekarri behar genuen, baina datorren urtean izan beharko du azkenean.
Zein uste duzu izango dela jendeak faltan gehien botako duen ekitaldia?
Nik uste dut bertso afaria eta rock kontzertua izango direla batez ere. Larunbat arratsaldeko txistorra jana eta jai giroa ere faltan sumatuko dute herritarrek ziurrenik. Baita tortilla patata lehiaketarik gabe geratu izana.
Nork hartu zuen jaiak bertan behera uzteko erabakia? Aspaldi jakin zenuten honen berri?
Egoera zein zen ikusita, jai batzordekoak bildu ginen. Beste herrietan ere jairik ez dagoela eta ezer egiteko aukerarik ez zegoela ikusi genuenean bertan behera uzteko erabakia hartu genuen. Aspaldi samar erabaki genuen jaiak bertan behera uztea, ekain hasieran edo. Azkenean guztia antolatzeko 2-3 hilabete lehenago hasi behar izaten da gauzak prestatzen, eta erabaki zuzenena hori zela iruditu zitzaigun.
Alternatibarik antolatu duzue ez-jai hauen arima bizirik mantentzeko asmoz?
Ez. Beno, Legazpiko Goiz Deia txistulari taldea igandean etorriko da 09:30ak aldera, normalean beti etorri izan dira. Hemen ibiliko dira gora eta behera, baina ez dago beste ezer antolatuta. Azkenean horrek ez du jende pilaketa handirik sortuko, beraz ez da arazorik egongo.
Uste duzu jendeak beraien etxeetan ospatuko dituela jaiak?
Bazkariren bat egingo dute ziurrenik, baina orain ere badakizu… 10 pertsona baino gehiago juntatzea debekatuta dago.
Eta kalean festa giroa nabarituko al da?
Ez dut uste. Ostiralean San Agustin egunean eliza inguruan giro pixkaren bat egongo da meza dagoelako, baina besterik ez.