Bertan behera geratu da Porru Kaleko festetako ginkana
Osasun krisiak eragindako egoera dela eta larunbat honetarako prestatuta zegoen ginkana bertan behera uztea erabaki dute Porru Kaleko festetako antolatzaileek
“Pandemiaren eragina ikusita argi geneukan aurten ezinezkoa izango zela beti ezagutu izan dugun moduko festa bat antolatzea: alkohola, jende pilaketa handiak eta kontzertuak barne hartzen dituen festa bat”, adierazi du Porru Kaleko festetako antolatzailea den Andoni Mikelarenak.
Urtean zehar espazio ezberdinetan elkartzen diren Beasaingo gazteak elkartzea eta harremanetan jartzea da festa hauen helburua. Filosofia hau bultzatu eta aurtengo festen arima bizirik mantentzeko asmoz, antolatzaileek alternatiba moduan herri osoan zehar zabalduko zen ginkana bat egitea erabaki zuten, “Nolabait joko deszentralizatu bat izan zitekeela pentsatu genuen, jende pilaketarik gabe eta neurriak errespetatuz”, kontatu du Mikelarenak.
Alabaina, azken asteetako Covid-19 kasuen zifrak asko ugaritu direla ikusita eta honek ekar zitzakeen ondorioak aurreikusi eta gero, ginkana hau bertan behera uzteko erabakia hartu dute. Konfinamenduan zehar aurtengo Porru Kaleko festetako kamisetaren diseinua sortzeko lehiaketa bat jarri zuten martxan, “parte-hartzaile guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, jaso genuen erantzuna oso ona izan zen bai diseinatzaileen aldetik eta baita gero antolatu genuen bozketan parte hartu zuen jendearen aldetik ere” dio beasaindarrak.
Aurtengoak ospatzea ezinezkoa izan den arren, datorren urtera begira jarri dira dagoeneko antolatzaileak “Porru Kaleko festen ideiaren inguruan ekimen berriak sortzeko gogoa dagoela antzeman dugu, eta ziur nago aurten egin ezin izan ditugun horiek datorren urtean indar gehiagorekin hartuko ditugula”.