Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntza ekonomikoak bideratuko ditu eskualdeetara
Aldundiak 825.000 euro bideratuko ditu Gipuzkoako eskualdeetara ekonomia suspertzeko helburuarekin
Koronabirusak Gipuzkoako eta bertako eskualdeetako ekonomian eragin dituen kalteak baretzeko asmoz, Foru Aldundiak atzo jakinarazi zuen Gipuzkoako sare sozioekonomikoa suspertzeko programaren diru-laguntzak emango direla. Diru-laguntza horietara 825.000 euro bideratuko dira 2020. eta 2021. urteen artean.
“Inoiz baino premiazkoagoa den erronka, pandemiak eragindako krisiaren aurrean. Lankidetza gure indarguneetako bat izan da beti, eta egoera honetan gure iparrorratz izaten jarraitu behar du”, adierazi zuen Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko diputatuak.
Lasak azpimarratu zuenaren arabera, lurraldeko eskualde guztiek jasoko dituzte deialdi honetako laguntzak, horien artean Goierriko Ekimenak, 73.000 euro eta Urola Garaiak, 67.800 euro. Deialdiaren helburua da, epe laburrean, Covid-19aren eragina minimizatzea, eskualde mailako erakundeen gaitasunak indartuz, ETEei eta autonomoei lehentasuna emanez.
Urola Garaiak krisiaren aurkako eta lehiakortasunari lotutako hainbat jarduera egingo ditu; Goierrik ekintzailetzan eta industria-sarean jarriko du arreta, bereziki kaltetuak dauden sektoreak alde batera utzi gabe, hala nola merkataritza eta ostalaritza. Jarduketa horiek 2020ko martxoaren 14tik 2021eko apirilaren 30era bitartean egin beharko dira.