Mendia eta txirrindua uztartuta
Mendi bizikleta maite dutenentzako paradisua da Goierri. Mendizaletasuna eta txirrindularitza uztartzeko landa gune eta mendietan barrena luzera eta zailtasun ezberdineko ibilbide ugari egin daitezke.
Hasi berrientzako Beasainen ibilbide egokia dago. GI-3191 errepidetik Usurberaino igo eta jaitsierakoan, 500 metro behera egindakoan, bidegurutzean ezkerrerantz, Pagamea alderanzko xendabidea hartu behar da, Lupesketa baserritik barrena Arriarango urtegiraino jaitsi behar da. Urtegiari itzulia eman daiteke helmugara iritsi aurretik.
Legazpiko Mirandaolaren inguruan ere bizikletan ibiltzeko aukera paregabea dago. Legazpitik abiatu, Mirandaolan bisitatxo bat egin, eta Brinkolaraino joan daiteke. Ibilaldia luzatu nahi dutenek, Barrendiola urtegiraino joan daitezke. Itzulera, Brinkolan trena hartuta egin daiteke.
Ataundik eta Zaldibiatik Aralarrera
Kirolari iaioagoentzako proposamenak dira Ataundik eta Zaldibiatik abiatuta egin daitezkeenak, bizpahiru orduan egitekoak. Ataunen Urkillagako mendatetik gorantz 4 kilometro egin ondoren, mendatearen gainean ezkerrerantz pista hartuta Lareoako urtegiraino iristen da. 500 bat metro eginez, ezkerrerantz jota, Enirioko pista nagusitik Oiduiko bordetatik pasa eta Jentilarri trikuharria ikusiz, Lazkaomendi alderako pistatik Atauna iritsiko da. Zaldibian Arrese taberna pasa eta hurrengo bidegurutzean ezkerretara jota, Egileor auzotik gora Olakosaroiko parkera iristen da ibilbidea. Pistan eskuinetara jarraitu beharko da Pikoetako bidegurutzera arte. Ausa Gaztelu aldera jo beharko da, Ausokoiko trikuharria pasata.
Ibilbideak:
· Beasain-Usurbe-Arriaran-Beasain. 20 km. Zailtasuna: erraza. Denbora: 2 ordu.
· Legazpi-Brinkola-Legazpi. 10 km. Zailtasuna: erraza. Denbora: 2 ordu.
· Ataun-Urkillaga-Lareo-Oidui-Ataun. 28 km. Zailtasuna: ertaina. Denbora: 3 ordu.
· Zaldibia-Pikoeta-Ausa Gaztelu-Zaldibia. 16 km. Zailtasuna: ertaina. Denbora: 2 – 2:30 ordu.