Zaldibiako Udalak gutuna bidali dio Hezkuntza Sailari
Udalaren konpromiso eta eskaintzak zehazteaz gainera, giza-baliabideak indartu eta egoera suertatuz gero arrakala digitalari erantzuteko neurriak hartzea eskatu dio Zaldibiako Udalak Hezkuntza Sailari
Aurtengoa Covid-19aren eraginez ikasturte ezberdina izango dela eta, Hezkuntza Sailari gutuna bidali dio Zaldibiako Udalak. Bertan, Udalaren konpromiso eta eskaintzak zehazteaz gainera, giza-baliabideak indartu eta egoera suertatuz gero arrakala digitalari erantzuteko neurriak hartzea eskatu dio Cristina Uriarte Toledo, jarduneko Hezkuntza sailburuari eta Hezkuntza Sailari.
Eskola herritar ugariren elkargunea dutela azaldu dute gutunean “Zaldibian 1600 biztanle izanik, 191 herritarrek ikasten dute bertan, eta horri familia-sareak gehitu behar zaizkio. Covid-19aren zabalpenerako, beraz, oso gune sentsiblea dugu Lardizabal Herri Eskola”. Honen aurrean, eskola presentzialki eta modu seguruan eman dadin, Udalak eta herritarrek beraien aldetik ahal duten guztian lagunduko dutela adierazi dute, horretarako eskaintza hauek helaraziz:
- Zaldibiako Udalak, bere esku dauden azpiegitura eta lokalak eskaintzen dizkio Hezkuntza Sailari eta Lardizabal Eskolari, orain artekoez gain: Karreane Kultur Etxea, Kimuene Kulturgunea, Luberri Gimnasioa eta behar balitz Goizane eraikineko gelak erabili ahal izateko gestioak ere egingo genituzke.
- Zaldibiako Udalak, aire zabaleko espazio publikoak ere eskaintzen dizkio Hezkuntza Sailari eta Lardizabal Eskolari, kutsadura arriskua murriztu eta klaseak eremu irekietan emateko gomendioari jarraiki.
- Zaldibiako Udalak, Eskolaren garbiketa egiteko ardura berea izanik, garbiketa eta desinfekziorako prestaketa lanak egiten dihardu. Hala ere, hainbat zehaztapen falta zaizkigu, batez ere Hezkuntza Sailetik iritsiko den edo ez den baliabide materialei buruzkoa.
- Zaldibiako Udala hartu-eman etengabean dago Zaldibiako Lardizabal Herri Eskolako Zuzendaritzarekin eta hala jarraituko du kurtso osoan zehar ere. Gutunean adierazitako gure eskaintza eta disposizioa azaldu diogu Zuzendaritzari.
Ikasturtea Irailaren 8an hasiko dela eta, honen gainean falta diren informazio eta xehetasunak ostiralean emango direla jakinda, mezu horren esperoan geratuko direla adierazi dute herritarrek.
“Jakitun gara espazio fisiko eta azpiegiturez gain, giza-baliabideak direla funtsezkoenak” azaldu dute, “espazioak izatea alferrik da behar adina irakaslerik ez badago”. Beraien kezka azaldu dute baita ere eredu telematiko batera pasatuz gero hartu beharko ziren neurrien gainean, eta jangelako giza-baliabideak handitzeaz ere mintzatu dira bertan.