«Berriz elkartzea sekulakoa izan da beraientzat, kontakturik gabe izan arren»
Ligaren hasierako data oraindik zehaztu gabe dagoen honetan, Beasain KE-ko Hirugarren mailako entrenatzailea den Jose Luis Riberak denboraldi-aurrearen inguruko gorabeherak kontatu dizkigu. Jokalarien egoeraz eta entrenamenduen funtzionamenduaz aritu da besteak beste.
Denboraldi-aurre berezia aurtengoa. Nola bizi izan duzue?
Oso berezia, bai. Sentimendu nagusia ziurgabetasuna izan da; ez genuen datarik, ez dakigu noiz hasiko den liga… Baina beno, pixkanaka egoerara moldatuz joan gara eta orain gutxienez data posible bat badaukagu. Martxoaren 14tik geldirik egon eta gero, orain hasi gara entrenatzen.
Nola ari zarete entrenatzen? Zein dira hartzen dituzuen neurriak?
Talde txikitan hasi ditugu entrenamenduak, eta bi txandatan banatzen ditugu. Lehenengo bi talde etortzen dira eta horiek amaitutakoan beste biak. 5-6 jokalariz osatutako taldeak izaten dira, eta talde bakoitzak zelai erdia erabiltzen du. Horrez gain, denboraldi-aurreko izaera duten entrenamendu indibidualak ere egiten ari gara, horrela fisikoa landuz eta bide batez beraien arteko kontaktua saihestuz. Erne gabiltza baita ere aldagelen kontuarekin, entrenamenduetan tentuz hartzeko gai bat dela uste baitugu. Jokalariak etxetik jantzita etortzen dira, eta ez dira aldageletara sartzen. Beraien arropa kanpoan uzten dute eta behin entrenamendua amaitutakoan hurrengo egunerako arropa ematen zaie eta etxera joaten dira dutxatzera. Egunak aurrera joan ahala egoera hobetzen ari dela ikusten badugu, jokalariak pixkanaka elkartuz joango gara, oso modu mailakatuan beti ere. Baina beno, laburbilduz eta orokorrean, oso ongi ari gara egoera aurrera eramaten.
Zer moduz ikusten dituzu jokalariak? Zein da beraien sentsazioa?
Oso ongi daude, berriz jokatzen hasteko irrikan. Ez daude ohituta hain denbora luzez geldirik egotera, eta futbola “alde batera utzita”, taldean eta guztiok batera egotea ere asko bota dute faltan. Berriz elkartzea sekulakoa izan da beraientzat, kontakturik gabe izan arren, guztiok batera egon ahal izatea oso pozgarria izan da. Futbolarientzat oso garrantzitsua da talde-sentimendu hori; ederra da gustura zauden leku batera itzultzea lagunez inguraturik.
Nola eragin die itxialdiak?
Gazteak dira, baina azken finean gehien nabaritu dutena zelaian ez entrenatzea izan da. Konfinamenduaren hasieran entrenatzen jarraitu genuen modu telematikoan. Egunero ahal genuen guztiak Skype bidez konektatzen ginen eta hor aritzen ginen, azkenean denboraldia amaitutzat jo zuten arte; hortik aurrera bertan behera utzi genituen entrenamenduak. Esan bezala, gazteak dira eta azkenean beti ibiltzen dira kirola egiten: bizikletan, mendian… eta horri esker ez dira geldirik egoten. Baina futbolarekin oso ezberdina da, eta dinamika horrekin hasi ahal izatea faltan botatzen da.
Fitxaketa berriak dituzue aurten. Zer moduz ikusten dituzu?
Bai, egia esan lehengo urteko jokalari askok jarraituko dute, nahiz eta batzuk ezin izan duten jarraitu. Horrez gain jende berria ere batu da, batzuk gazteagoak eta beste batzuk dagoeneko esperientzia dezente dutenak. Bi atezain berri etorri dira: Martin Artetxe, 25 urte eduki arren esperientzia duena, eta bestea gazteagoa den Iraitz Gelbentzu. Azken hau Realean ibili izan da urteetan, eta uste dut aurreko urtean Ordizian egon zela lehen aldiz. Antiguokotik 19-20 urte dituen Markel Pita etorriko da. Aurretik gurekin egondakoa den Beñat Eizagirre ere batuko zaigu aurten. Esperientzia gehiago duen eta aurretik ere gurekin egondakoa den jokalari bat ere etorri da: Aiert Ordoñez. Azkenik Jonma batuko zaigu, aurretik ere Beasainen ibilitakoa da eta azken urteak Sestaon egin ditu.
Ba al dakizue noiz hasiko den denboraldia?
Ez digute ezer ofizialik esan, beraiek ere egoeraren arabera kalkulatzen arituko direla pentsatzen dut. Oraingoz denboraldia urriaren erdialdean hasiko dela aurreikusten da. Bitartean entrenatzen hasi gara, lasaitasunez eta neurri guztiak zainduz.
Nola irudikatzen duzu ligaren hasiera? Lehen partidu hori… Imajinatzeko gai baldin bazara behintzat.
Ez da lan erraza egia esan, baina denboraldi hau laburra izango dela dirudi: talde-formatua ezberdina izango da, sailkapena ere bai… Hori ikusita pentsatzen dut talde guztiak “dena ematera” joango direla, beti egin izan duten moduan, baina aurten motzagoa izango dela aurreikusita, oraindik premia gehiagorekin. Oso gogotsu egongo gara guztiak.