Goierriko begiralekuak, jantoki
Goierriko ikuspegirik ederrenak eta otordu ederrak uztartzeko aukera ematen dute eskualdeko herririk garaienek. Goierriko balkoiak dira, inguruko mendi eta bailaren begiratoki izateaz gain, ber-tako ostatu eta jatetxeak, Goierriko gastronomiaren erakuslekurik onena ere badira.
Jatea benetako plazera da, eta Goierriko ikuspegirik onenekin elkartuz gero, zer esanik ez. Eskualdeko herririk garaienetan, bista ederrez gain, bertako gastronomia probatzeko lekurik onenak topatu daitezke. Goierriko balkoiak diren Olaberria –argazkian–, Gabiria, Gaintza, Ezkio, Itsaso edo Zerain, otordu eder batekin gozatzeko ere leku aproposak dira.
Horietako askotan, herriko ostatuen eskaintza aprobetxatu daiteke. Ezkio, Itsaso, Gabiria, Mutiloa edo Zeraingo ostatuak dira horren adibide. Jatetxe horietako sukaldariek, bertako produktuak oinarri hartuta, gastronomia tradizionala eta berriaren arteko zubilana egiten asmatu dute. Gabirian, Korta erretegia ere beti da aukera ona. Beste balore seguruetako bat, Mutiloako Liernia auzoan dagoen Mujika jatetxea da.
Olaberria, Goierriko balkoia
Hala dio Ihurre auzotik herrigunera doanak errepideko biribilgunean ikusiko duen irudiak. Izan ere, Olaberriak aparteko ikuspegia eskaintzen du, alde batera Aralar eta bestera Aizkorri ageri baitira bertatik. Goiko herrigunean, Zezilioenea eta Arrieta jatetxeak daude. Eta beherago, Bengoetxe txakolindegia.
Aralar aipatu dugunez gero, Txindoki menduaren magalean dagoen Gaintzak ere, eskaintza bikaina du, bere bi jatetxeetan. Kaletxiki jatetxean nahiz Oteñe erretegian, otordu ederrak egiteko aukera dago urte osoan.
Txindokiren ikuspegi ederra eta paraje lasaia uztartzen dituen beste toki bat da Lazkaomendi. Itxurrenen nahiz Pipas jatetxean asteburuetan eskaintzen dituzte otorduak.
Eta behin mendi gainak aipatuta, ezin ahaztu Gabiria eta Legazpi arteko Aztiria erretegia, betiko jaki tradizionalen tenplua.