XXVI. Gipuzkoa Klasikoa jokatuko da igande honetan Beasainen
29 taldek hartuko dute parte Beasainen jokatuko den aurtengo Gipuzkoa Klasikoaren 26. edizioan
Igande honetan, hilak 30, 10:30etan hasita, Gipuzkoa Klasikoaren 26. edizioa jokatuko da Beasainen. Pasa den urtean bezala, proba UCIren Nazioarteko Egutegian sartuta dago, MJ 1.1 mailarekin.
Aurtengoan 29 taldek parte hartuko dute. Guztira, 175 txirrindulari ariko dira. Bertan izango dira besteak beste, Frantziako sei talde eta Portugalgo bat. Holandako bi taldek eta Belgikako beste batek ere parte hartu behar zuten arren, COVID19 dela eta ez dute Euskal Herrira etortzeko baimenik lortu.
Estatuko junior mailako zortzi talde nagusiak ere lehiatuko dira, Cometa Cycling Team-Fundacion Contador buru delarik. Ezin aipatu gabe utzi Plouayn (Frantzia) jokatu berri diren Europako Txapelketetan parte hartu duten Espainiako selekzioko txirrindulari guztiak Beasainen izango direla. Euskadi, Bizkaia, Araba eta Nafarroako selekzioek osatuko dute taldeen zerrenda.
Federazioak azpimarratu du ahalegin handia egiten ari dela denboraldi bukaerako probak aurrera ateratzeko, eta horretarako ezinbestekoa dela ikuslerik gabeko txirrindularitza deritzona. Ildo horretatik, dei egin dute lasterketarako propio egindako protokoloa zorrotz betetzeko, eta ez irteeran, ez helmugan eta ezta gune estrategikoetan ere jende pilaketarik ez egoteko eskatu dute.