Zehaztu dituzte dagoeneko ikasturte berrirako neurriak
Hasiera mailakatua, musukoaren derrigorrezko erabilera LHtik aurrera eta irakasle gehiago ezarri dituzte ikasturte berrirako
Koronabirusak eragindako ezohiko egoera dela eta, Nekane Murga eta Cristina Uriartek gaur eskainitako prentsaurrekoan 2020-2021 ikasturtean ikastetxeetara itzultzeko hartutako neurriak zehaztu dituzte.
Lehenik eta behin, ikasturtearen hasiera mailakatua izango dela zehaztu dute; Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBH1eko eta DBH2ko ikasleek irailaren 7an hasiko dute ikasturtea eta DBH3, DBH4 eta Batxilergoko ikasleak irailaren 15ean hasiko dira.
Goi mailako zikloetan irailaren 14an hasiko dira bigarren mailakoak, eta 16an lehenengo mailakoak. Erdi mailako zikloetan berriz, bigarren mailakoak hilaren 21ean hasiko dira, eta 23an lehen mailakoak.
Musukoaren erabilerari dagokionez, LH1etik aurrerako haurrek derrigorrez erabili beharko dute, baita 1,5 metroko distantzia mantentzen dutenean ere. Haur Hezkuntzan, ez da derrigorrezkoa izango, baina “posible den kasuetan” erabili beharko dute.
Hezkuntza sailak 1.000 irakasleren ezohiko irakasleren kontratazioa aurreikusten du. 1.000, ikasle gehien dituzten ikastetxeetarako. Ikastetxez ikastetxe aztertuko dute zein diren bakoitzaren beharrak.
Irakasleez gain, zenbait ikastetxeetan espazio gehiago beharko dituztela aurreikusi du Hezkuntza Sailak, eta horretarako EUDELi udalen lankidetza eskatu dio udalen instalazioak uzteko.
Ikastetxe bakoitzean COVID-19arekin zerikusia duten kontu guztietarako arduradun bat egongo da. Zentroko zuzendaritzarekin eta Osasun Publikoarekin koordinatuta egingo du lan. Horrez gain, ikasketa zentro bakoitzak erreferentziazko ESI (Erakunde Sanitario Integratua) bat izango du. Ikasleen edo langileen artean positiboren bat atzematen bada, ikastetxea horrekin jarri beharko da harremanetan. Inor ezingo da joan sintomekin ikastetxera.
Higienea eta segurtasuna bermatzeko asmoz, Sailak hainbat neurri hartuko ditu. Esaterako, ikasturte hasieran 800.000 musuko kirurgiko bidaliko dizkie zentroei, eta horren ostean hilero 500.000 musukoren bidalketa egingo zaie. Horrez gain, hilero 5.000 litro gel hidroalkoholiko banatuko ditu Hezkuntzak.