Juan Ayuso izan da Gipuzkoako Klasikoaren 26. edizioko irabazlea
Juan Ayusok jantzi du txapleta gaurko txapelketan. Bigarren Pablo Carrascosa heldu da, eta hirugarren Enekoitz Azparren astigarragarra
Gaur Beasainen jokatutako Gipuzkoako Klasikoan txirrindulariek eguraldi zakarra izan duten arren, balorazio positiboa egin dute parte-hartzaileek. 26. edizio honetan Bathco taldeko Juan Ayuso izan da lehenengoa helmugara iristen, eta bere atzetik heldu da bigarren postuan Ciudad de Talaverako Pablo Carrascosa. Hirugarrena Enekoitz Azparren astigarragarra izan da, gaur Euskal Selekzioarekin aritu dena.
“Oso harro nago gaurko lasterketa irabazi izanaz, eta beti oroituko naiz egun honetaz” adierazi du Ayusok txapela jantzi eta gero, “Hasieran hotz handia pasa dut eta oso gaizki nengoen, baina pixkanaka berotzen joan naiz eta portuan martxan jarri naiz. Azkenean alde egin eta aurrean zihoazenei harrapatzea lortu dut”.
Carrascosak bigarren postuarekin batera, taldekoa eta tarteko helmugak irabazi ditu. “Pasa den urtean ere lasterketa hau egiteko aukera izan nuen. Guztioi gustatzen zaigu ibilbide hau, oso gogorra delako”, esan du Talaverakoak.
Hirugarren postuan Enekoitz Azparren astigarragarra geratu da, mendikoa irabazteaz gain lasterketako lehenengo euskalduna ere izan dena. “Oso karrera azkarra izan da, hasieratik aurrera jo dut, Ayuso asko ibili delako aurten eta urrutitik bazen ere saiakera egin beharra neukan” adierazi du Azparrenek, “Bosteko talde bat aritu gara erreleboan. Lehenengo pasoan Olaberrira joan gara Carrascosa eta biok, eta Liernin ere erreleboka aritu gara, baina aldapak amaitu direnean Ayusok harrapatu gaitu, eta hortik aurrera ahal nuena egin dut”.
Xabier Matarranz antolatzaileak adierazi duenez, balorazio orokorra oso positiboa izan da. “Ondo dago ondo bukatzen dena” gehitu du Matarranzek, “Esan dezakegu gaur erreferenteak izan garela. Erakutsi dugu gauzak behar bezala planteatu eta antolatuz gero, posible dela horrelako ekimenak aurrera ateratzea”. Antolatzaileak adierazi du udalari eskerrak ematez gain, elkarteari ere eman behar zaizkiola “150 antolatzailetik gora aritu gara lanean eta hori eskertzekoa da, esfortzu bat eskatzen duelako horrelako karakteristikak dituen lasterketa bat aurrera eramateak”.
Hemen Gotzon Aranburuk hartutako irudiekin osatutako bideoa: