Eguzki talde ekologistak Ibarrola errekaren egoera salatu du
Legazpiko errekastoak "zabortegi bat" dirudiela azaldu dute, eta bideo bat zabaldu dute bertako irudiekin. Legazpiko Udalari erreka kutsatzen duen zaborra garbitzeko eta neurriak hartzeko eskatu diote.
Legazpiko Ibarrola errekastoak, “erreka baino gehiago zabortegi bat” dirudiela salatu du Eguzki Erakunde Ekologistak. Bertako egoera azaltzen duen bideo bat ere zabaldu dute. “Errekasto hori kutsatzen duten ehunka kilo zabor” horiek garbitzeko eskatu diote Legazpiko Udalari, eta baita aurrerantzean “zabortegi gisa erabil dezatela eragozteko neurriak” hartzeko ere.
“Askotan geure buruari galdetzen diogu ea zein den Urolak itsasoranzko bidean garraiatzen dituen era guztietako hondakinen sorburua. Bada, Ibarrola eta antzeko erreka txikietan has gaitezke erantzuna bilatzen”. Eguzkik azaldu duenez, “Agenda 21en edo ingurumenari buruzko foro batean edo bestean, pedagogia egin beharraz” hitz egin izan da. “Bada, Ibarrolan nola jokatu behar den eraskusteko aukera paregabea du Legazpiko Udalak”.