Igartzako probarekin hasiko da 2020ko Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua
Irailaren 12an jokatuko dute, Covid-19aren aurkako "neurri zorrotzak" hartuta. Izena emateko epea gaur bertan hasiko da.
Hainbat kirol proba eta ekitaldi bertan behera gelditzen ari diren garaian, Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituak 2020ko egutegiari eusten diola iragarri du. Irailaren 12an hasiko da, Igartzako probarekin. “Ziurgabetasun handia” badago ere, Covid-19aren aurkako “neurri zorrotzak” hartuta, “probak antolatu daitezkeela” erakutsi nahi dute. Igartzako probarako izen-ematea gaur gauerditik aurrera zabalduko da, eta Kirolprobak webgunearen bidez egin beharko da.
Neurri horien inguruan, duela hilabete protokolo bat osatu zuten, eta geroztik eguneratu eta osatu egin dute. Prebentzio neurriak direla eta, “gastu extra batzuk” izango dituzte antolatzaileek; hori dela eta, izen-emateak 15 eurotik 20ra igoko dituzte (25etik 30era bikoteen kasuan). Ibilbidean zehar ez dute anoa posturik jarriko, bukaeran bakarrik. Probaren bukaerako festarik ere ez da izango, jende pilaketak ekidite aldera; festaren gainetik “kirola eta osasuna” zaindu nahi baitituzte.
Zirkuituko gainontzeko probei dagokionean, egoeraren arabera erabakiko dute jokatuko diren ala ez, eta proba jokatzeko bi aste falta direnean iragarriko dute izen-emateak zabaltzen diren ala bertan behera gelditzen den. “Ez da guztiok nahiko genukeen egoera baina dugun ziurgabetasuna ikusita, erabaki hori ezin dugu lehenago hartu”.