LegoReggae jaialdia, bertan behera
Martxoan egitekoa zen jaialdia atzeratu egin zuen antolakuntzak; egoerak hobera egiten ez duela ikusita, "arduraz jokatuz eta osasuna lehenetsiz", jaialdirik ez egitea erabaki dute azkenean.
Covid-19a dela eta bertan behera gelditutako kontzertu eta jaialdien zerrendari beste bat batu zaio. LegoReggae jaialdiaren antolakuntzak jakinarazi duenez, bertan behera geldituko da aurtengo edizioa. Martxoan egitekoa zen jaialdia, baina koronabirusa dela eta konfinamendu egoera ezarri zutenean, data atzeratzea erabaki zuten. Iraila jarri zuten jomugan, baina egoerak hobera beharrean okerrera egin duela ikusita, azkenean bertan behera uztea erabaki dute.
Covid-19aren mundu mailako pandemiak “gizartea hankaz gora” jarri duela azaldu dute LegoReggae jaialdiaren antolatzaileek. “Denok jasaten ari gara, modu batera edo bestera, krisi egoera honek eragindako kalteak”. Aurtengo jaialdia egin edo ez erabakitzeko, “azken unera arte” itxaron dute, baina “arduraz jokatuz, eta osasuna lehenetsiz, orain arte izan duen formatua bezalako ekitaldi bat antolatzea ezinezkoa” dela ikusi dute. Hala, “aurtengoz bere horretan uztea” erabaki dute. LegoReggae jaialdia ez da galduko hala ere, eta “dagoeneko datorren urteko edizioari begira” jarrita daudela azaldu dute antolatzaileek. “Nahiz eta etorkizuna ez den zihurra, gure esku dagoen guztia egingo dugu Legorretako kaleak berriz ere reggae doinuz dantzan jartzeko”.
Sarrera erosita zutenei, barkamena eskatu diete, “denbora luzez itxaroten” egon behar izan dutelako, baina “krisi honek gainditu” egin dituela aitortu dute antolakuntzako kideek. “Ezegonkortasun egoera batean egoteak erabakiak hartzea zaildu du baina argi utzi nahi dugu denek izango duzuela sarrera itzuli eta dirua jasotzeko aukera”. Datozen egunetan jakinaraziko dute itzulketa hori noiz eta nola egin ahal izango den.