«Arantzazun gaua pasatzeko ohitura berreskuratu nahi dugu»
Joxe Mari Izagirrek hogei urte inguru daramatza irailaren aurreneko igandean Seguratik Arantzazura erromesaldia egiten. Aurten ez dute halakorik egingo, osasun egoera dela eta.
Aurten ez da erromesaldirik egingo Arantzazura. Nork antolatzen du ekintza Seguran?
Taldetxo bat elkartzen gara. Alde batetik, elizatik apaiza egoten da, erlijio gaiekin lotuta dagoena berak eramaten du. Gero jubilatuen elkartetik ere lagun pare bat badaude, eta beste alde batetik beste hiru lau lagun, partikularrak, herritarrak. Azken horiek inongo elkarterik ez dugu ordezkatzen eta ohitura mantentzeko asmoz egiten dugu.
Datorren igandean egitekoa zen. Zuek hartu duzue bertan behera uzteko erabakia?
Iraileko aurreneko igandea izaten da eguna. Ez da guk hartutako erabakia soilik. Arantzazun elizkizunak egoten dira, meza eta bederatziurren batzuk. Elizkizun horiek bertan behera utzi ditu Santutegiak aurten. Erabaki hori hartuta erromesaldiak ez du zentzurik. Joan gintezke, baina ez litzateke ohiko erromesaldia izango. Gainera jende dezente elkartzen gara bertan eta arriskua ere egongo litzateke.
Duela zenbatetik ospatzen da erromesaldia? Zenbatetan hartu duzu parte zuk?
Aspaldiko ohitura da. Ez dakit ziur, baina nik esango nuke XIX. mendetik egiten den zerbait dela. Segurakoentzat behintzat betidaniko ohitura da. Nik eta nik baino zaharragoek betidanik ezagutu dugu. Nik duela 20 bat urtetatik hartzen dut parte, eta urtero egiten saiatzen naiz ez bada beste zerbait suertatzen.
Seguratik bertatik ateratzen zarete? Inguruko herrietako jendea ere joaten da?
Segurako plazatik ateratzen gara, bai. Segurako herritarrez gain Mutiloako eta Zeraingo jendea ere joaten da. Ehun lagun inguru izaten gara gutxi gorabehera. Zegamakoek ere egiten dute erromesaldia, baina beste data batzuetan, eta badakit festa handia egiten dutela.
Hiru ibilbide daude aukeran Arantzazura joateko.
Bai, hiru modalidade desberdin daude. Hori nahiko berria da, hiruzpalau urte izango dira. Lehenengo aukera Seguratik bertatik oinez irtetea da, bigarrena autobusez Otzaurteraino eta handik oinez Arantzazura joatea, eta azkeneko aukera da autobusez Aldaolaraino joatea eta bertatik Arantzazura.
Orain hiru modalidade daude horrenbeste ibiltzeko ohitura ez duen jendeari aukera emateko.
Nolakoa izaten da egun hori?
Nire kasuan, larunbatean oinez irteten gara Seguratik eta autobusez doazenekin elkartzen gara San Adrian gaineko iturrian. Bertan hamaiketakoa egiten dugu, eta Urbia aldera joaten gara. Batzuk Aizkorrira igotzen dira Urbiara joan baino lehen, eta bertan elkartzen gara denok batera bazkaltzeko. Bazkalondoan Arantzazura abiatzen gara.
Bertan fraideak ongi etorria egiten die erromesei, eta egun hori hor bukatuko litzateke. Gero igandean meza egiten dute eta gehienbat jende heldua autobusez joaten da mezara.
Arantzazun bertan lotan geratu al zarete inoiz?
Lehen larunbatean joan eta gaua pasatzen genuen han. Fraide eskolako logeletan pasatzen zuen gaua jendeak, eta hurrengo egunean nahi zuena mezara joaten zen. Ohitura hori duela urte dexente galdu zen, eta duela lau urte hori bultzatu nahian hasi ginen. Orain aterpetxea badago eta nahi duenak han bertan afaldu eta gaua pasatzeko aukera du. Iaz, adibidez, hori egin genuen, baina jende gutxik egiten du. Hogei bat lagun edo gelditu ginen aurreko urtean lotan.
Fededunak al zarete parte hartzen duzuen guztiak?
Hasiera batean kutsu erlijioso gehiago edukiko zuela pentsatzen dut. Orain batzuk joango dira kutsu erlijioso hori duelako, eta beste batzuk egun pasa ederra delako. Mendi buelta bat egin eta bazkaltzeko asmoz doaz asko. Beste zenbaitek, erromesaldi askotan bezala, promes asko izango dituzte agian atzetik, baina horiek kasu partikularrak izango dira.
Ohitura bihurtu da askorentzat egun hori. Gazte jendea ere joaten al da?
Ez asko. Gaztetxoak eta nerabeak joaten dira, baina gero hor hutsune bat badago. Gehienbat helduak gara. Adin bat jartzeagatik, 18 eta 30 urte bitarteko gazte asko ez dituzu ikusiko erromesaldietan. Kuadrillan joateko ere egun pasa oso polita da gazteentzat, erlijio kutsua alde batera utzita ere.