Udako argazki lehiaketa, inoiz baino etxekoagoa
Goierriko Hitzak Udako XV. Argazki Lehiaketa jarri du martxan, arreta Goierriko txokoetan jarrita. Argazkiak hilaren 22ra arte aurkeztu daitezke, webgunean sartuta
Irailarekin batera dator ikasturte berria, eta harekin, baita GOIERRIKO HITZAren XV. Udako Argazki Lehiaketa ere. Aurten, edizio berezia izango du, gainera, hainbat aldaketarekin baitator. Koronabirusak eragindako egoera dela medio, asko izan dira oporrak herrian edo inguruetan pasa dituztenak. Eta aurten, etxeko izaera hori eman nahi izan zaio lehiaketari. Hori dela eta, Goierrin bertan ateratako argazkiak sarituko ditu HITZAk.
Dagoeneko zabalik dago lehiaketan parte hartzeko epea, eta irailaren 16ra arte aurkeztu ahal izango dira argazkiak. Horretarako, goierri.hitza.eus webgunean argazki lehiaketari eskainitako atalean sartu, argazkia igo eta norbere datuak sartu behar dira.
Lehiaketa irekia izango da goierritar guztientzat, nahiz eta Hitzakide direnek, sari bereziak jasotzeko aukera izango duten; horien artean, landaetxe bateko egonaldia eta Goierriko jatetxe batean otordua.
Horrez gain, publikoak ere aukeratu ahal izango du argazkirik gustokoena; irailaren 23tik 29ra izango da horretarako aukera, webgunean. Hori dela eta, argazkiak ahalik eta azkarren bidaltzea komeni da, publikoaren bozketan parte hartu nahi bada.
Sariak eta erakusketa
Lehiaketako irabazleen izenak eta argazkiak, urriaren 1ean argitaratuko dira GOIERRIKO HITZAn, eta sari banaketa, urriaren 3an egingo da, Joxe Mari Telleriak Beasainen duen Nafarroa 23 erakusketa aretoan. Gainera, aurkeztutako lanak hainbat egunez ikusgai izango dira, areto horretan bertan.
Lehiaketaren oinarriak, sariak eta izen-ematea, Udako Argazki Lehiaketaren atal berezian aurkituko dituzu.