Hasi da berriz ere bixitzen
Oraindik lehengo martxa hartu ez badu ere, geroz eta jende gehiago dabil Ordiziako azokan. Produktu emari aberatsarekin joan da iraileko lehena.
Udazken kutsuko goiz giro atsegina, eguraldi argia eta tenperatura egokia iraileko lehen azokan. Produktuen panorama aldatu da uztaileko azkena kontatu genuenetik: leka, tomate, piper, kuiatxo, luzoker, kuia ugari. Sagar eta udare mota geroz eta gehiago. Pikua beltza eta zuria ere hasi da. Eta udazken-neguan ere hor izango diren eskarola, txikoria, borraja… eta hain estimatua den babarruna. Zuria lekan abuztuaren 12ko merkatura ekarri zuten, atzo aurtengo lehen babarrun beltza Altzagako Arantxa Lopetegi eta Aramako Miren Jauregiren mahaietan ikusi genuen, lekan 10-11 euroan kiloa, eta aletua 14 euroan kiloa. Babarrun hain urte ona izango ez deneko ustea dute baina oraindik ere, eguraldia lagun edo ez, ikusi egin behar.
Udazkeneko fruituak
Atzo lehenengo intxaurra 5 euroan kiloa, gaztaina ere bai 4-5 euroan kiloa. Hurra orain hiru aste ekartzen hasi ziren 5 euroan kiloa.
Sagar mota asko, lehen errezila 3 euroan kiloa. «Guk ibarbi sagarra esaten diogu», zioen Errezilgo Joxe Antonio Aizpuruk. Hiru ixkina izenekoa ere bazuen 1,5 euroan kiloa. Yumbo sagar ikusgarria ere bai 2,5 euroan kiloa. Konferentzia udarearekin batera (2 euroan kiloa), Bella de boskoop sagarra ere aukeran da 3 euroan kiloa.
Mikologi atalean ugariena, ohiko moduan, onddoa 200 kilo (12-24 euroan kiloa) eta garestiena gorringoa 21 kilo (28-33 euroan kiloa). Zizahori, mendiko angula, saltsa perretxiko beltza eta boilurrak ere aukeran ziren.
Iraila marka uzten duen hilabetea da berez, aurtengoak marka berezia utziko du. Sona handiko eguna izan ohi da euskal jaietako asteazkena, aurten gazta lehiaketa egin egingo da, baina ez ohiko egun eta moduan, irailaren 11n ostiralez baizik. Beraz datorren asteazkenekoa ere feria arrunta izango da.