PCR probak egiteko gune bat gehiago jarriko dute, Lazkaon
Zumarragan, Legazpin eta Beasainen karpak jarrita daude uztailetik koronabirusak kutsatutakoak atzemateko. Lazkaon datorren astean jarriko dute, aparkalekuan
Uztail hasieran Ordizian jarri zituzten aurreneko PCR guneak Goierrin. Koronabirus kasu positiboak atzemateko hamar karpa inguru izan ziren orduan. Berritasun haren aurrean ezjakintasuna izan zen nagusi. Ia bi hilabete pasa dira ordutik, eta oihartzun mediatikoa apaldu den arren, beste zenbait herritan ere jarri ditu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak PCR probak egiteko guneak. Dena den, eremuen hedapena eta tamaina ez da Ordiziakoa bezalakoa izan.
Beasaingo, Zumarragako eta Legazpiko osasun zentroetan ere koronabirus kasu positiboak atzemateko eremuak jarri dituzte uztailetik. Herri horietan karpa bana jarri dute herri bakoitzean.
Goierrin, beraz, hiru puntu desberdin daude. Datorren astean laugarrena ipiniko dute, Lazkaon, eta anbulatorioko aparkalekua erabiliko dute horretarako. Beste herrietan bezala, Lazkaoko puntua ere PCR probak egiteko gunea izango da, eta baita COVID-19ari lotutako zalantza edo arazoak artatzekoa ere. Beraz, sintomak dituzten edo bestelako kontsultak egin nahi dituzten lazkaotarrek herrian bertan egiteko aukera izango dute hurrengo astetik aurrera.
Ordiziako Udalak azaldutakoaren arabera, ez dute berriro karparik jarriko Ordizian bertan. Baina horren harira, datorren astean ere bai, prentsaurrekoa emango du udalak.
Bi txandatan
Beasaingo anbulatorioko eremua aparkaleku alboan dago kokatuta. Bi txandatan banatu dute zerbitzua: 08:00etatik 13:00etara eta 14:00etatik aurrera. Mugimendua nabari zen atzo Beasainen. Distantziak errespetatuta, hogei bat laguneko ilarak sortu zituzten. Adin desberdinetako herritarrak ziren, heldu zein gazte, sintomaren bat izateagatik edo positibo eman duen norbaitekin kontaktua izateagatik inguratu ziren osasun zentrora. Bi langile dabiltza lanean eremuan, PCR proba egiten duen bakoitzari emaitza jaso arte etxean geratzeko esaten. Datorren astean egoera antzerakoa izango da Lazkaon jarriko duten gunean.