Azoka berezia martxan da berriro Beasainen
Abuztuko atsedenaren ondoren, gaur egin dute azoka berezia Beasainen. Erosleen artean poltsa berrerabilgarriak eta errezeta liburuxka banatu dute. Erosleen artean bi saski zozkatu dituzte.
Oporraldiko atsedenaren ondoren bertako produktuen azoka berezia egin dute gaur Beasaingo Loinazko San Martin plazan. Udako produktu ugari izan dituzte salgai baserritarrek, besteak beste, tomateak, lekak, kuiatxoak, piperrak eta alberjiniak. Gainera, bestelako produktuak erosteko aukera ere izan da: eztia, loreak, txerrikia, haziak, ogia, gozoak eta gazta.
Bestalde, azokara gerturatzen direnei, hilero legez erosketak egiteko azokako poltsa eta bertan erosi daitezken produktuekin egiteko errezeta liburuxka banatu zaie.
Josetxo Mendia beasaindarrak, Zegaman du baratza eta Beasaingo azoka berezian, ekoizten dituen produktuak saltzen egon da. 10:00etan ireki dute eta nabarmendu du, “poliki hasi” direla gaur, baina goizak aurrera egin ahala, “erosle gehiago gerturatzen hasi” direla. Herritarren artean “harrera ona” duen ekimena dela ere esan du. Hilabetean behin egiten dute azoka berezia Beasainen eta horri dagokionez uste du “larunbatero egitea oso positiboa” izango litzatekeela. Erosleei, poltsa berrerabilgarriak eta errezeta liburuxka banatu dizkiete. Liburuxkak gainera, garaian garaiko produktuen informazioa dakar. Mendiaren ustez, “garrantzitsua da erosleek garai bakoitzeko produktuak zeintzuk diren ezagutzea, urte osoan zehar edozein produktu erosi ahal izatera ohitu garen honetan, informazio horrek, erosleek garaiko produktua gehiago baloratu dezaten”. Une honetan, produktuen artean izarrak dira “bainak eta tomateak” eta esan duenez, “laster hasiko dira udazkeneko produktuak, porruak, borraja eta kalabaza, besteak beste”.
Bezeroei dagokienez esan du, “astearteko azokan eta azoka berezian desberdintasun handia” izaten dela; “astearteetan, gehiago dira jubilatuak, eta larunbatean, jende gazteagoa dabil”. Larunbatetan azoka egitearen arrazoi nagusienetako bat “herritar guztiei azokan produktuak erosteko aukera zabaltzea da”.
Hileko lehen larunbateko azoka berezia duela ia hiru urte pasatxo Udal gobernuak martxan jarritako egitasmoa da eta honen helburua, bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jartzea eta garaian garaiko produktuen kontsumoa areagotzea ez ezik, kontsumitzaileak azokara erakartzea ere bada.