Segurako Goiburu gaztandegiak irabazi du Gipuzkoako 36. Gazta Txapelketa
Legazpiko Udalak, Artzain Gazta elkartearekin elkarlanean eta Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin antolatutako Artzain Gaztaren Gipuzkoako txapelketa Eneko Goiburuk irabazi du.
Giro handirik egon ez arren, gaur goizean ospatu da Gipuzkoako 36. Gazta Txapelketa. Gipuzkoako Artzain Eguna bertan behera utzi beharra izan dute koronabirusaren ondorioz. Hala ere, urtero egin ohi den Artzain Gaztaren Gipuzkoako Txapelketak irabazle berri bat du aurten: Eneko Goiburu.
Irabazlea izendatzeaz arduratu den epaimahaia Idiazabal jatorri deiturako hiru dastatzailek, hiru artzainek eta gastronomian adituak diren hiru kideek osatu dute. Gazta sariduna zein izango den erabakitzeko irizpideak, ordea, bi multzotan sailkatzen dira: ikusmenarekin eta usaimenarekin/dastamenarekin nabaritzen direnak. Aurtengo edizioko irabazleak, Eneko Goiburuk 311 puntu eskuratu ditu. Bigarren postuan Elgoibarko Mausitxa gaztandegia geratu da, eta hirugarrenean berriz, Ander Barandiaran artzainak kudeatzen duen Idiazabalgo Gaztañaditxulo.
Legazpiar onenaren saria Aitor Mantxolaren Makatza gaztandegiak irabazi du. Bestalde, lehen hamar sailkatuak zuzenenean Euskal Herriko Txapelketan parte hartzeko aukera izaten dute. Jarraian lehen hamar sailkatuak:
- Eneko Goiburu (Goiburu)
- Mausitxa
- Ander Barandiaran (Gaztañaditxulo)
- Beñat Egaña (Goienetxe)
- Aizpea
- Joseba Intxausti (Otatza)
- Agerreburu
- Olalde
- Premietxeberri
- Jabier Muñoa