Euskal Diaspora Eguna ospatu dute Ormaiztegin 'Leopoldina Rosa: gaur egungo istorio bat' erakusketarekin bat eginda
Iñigo Urkullu lehendakariak kargua hartu eta gero egin duen aurreneko ekitaldi publikoa izan da. Bertan izan dira gainera Bakartxo Tejeria Parlamentuko presidentea, Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia eta Jon Enrique Galarza Ormaiztegiko alkatea, besteak beste.
2020ko Euskal Diaspora Eguna Ormaiztegin ospatu dute aurten euskal migratzaileak oroitzeko. Ekitaldi instituzionala izan da eta bertan izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Bakartxo Tejeria Parlamentuko presidentea, Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia, Maria Angeles Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Gorka Alvarez Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, Jon Enrique Galarza Ormaiztegiko alkatea eta Jon Luki Urretxuko alkatea.
Leopoldina Rosa: gaur egungo istorio bat erakusketa bisitatu dute lehenengo, Mikel Alberdi komisarioak eta Lurdes Azpiazu koordinatzaileak gidatuta. XIX. mendeko euskal migratzaileen historia azaltzen du erakusketak Leopoldina Rosa fragataren bitartez, eta horren harira aukeratu dute aurten Ormaiztegi. Fragata 1842ko ekainean urperatu zen, Uruguaiko itsasertzean. Apirilean abiatu zen Baionatik 300 euskal migratzailerekin eta horietatik 70 salbatu ziren.
Euskal Diaspora Eguna migratzaile euskaldunak oroitzeko eta balioan jartzeko sortu zuen Jaurlaritzak duela hiru urte: “Erakusketa gaur egun gure artean bizi dugun errealitatearekiko parekotasunaren lekuko bada”, esan du Urkulluk. Gehitu du “errealitate” hori migrazioak direla, “bai kanpora joan zirenak eta baita etorri direnak ere”, eta nabarmendu du Ormaiztegin “25 herrialde desberdinetako” pertsonak bizi direla. Galarza alkateak, bestalde, adierazi du urteak daramatzatela migrazioen gaia lantzen herrian eta Zumalakarregi Museoan: “Fenomeno konplexua izanik ikuspegi desberdinetatik heldu diogu”.
Adierazpenez eta erakusketaz gain, dantza eta antzerkia ere egon dira. Jose Mari Iparragirre urretxuarraren jaiotzaren 200. urteurrena dela eta, kantariaren bizitza azaldu dute Miren Arrieta eta Jose Kruz Gurrutxaga aktoreek antzezlan baten bidez.