«Parte hartzearekin batera ikusle kopurua ere igo da aurten»
Festarik ez dute ospatuko Liernin gaur, Andramari egunean. Halere, Lierniko Txirrindulari Proba egin dute aurten ere, eta parte hartzea inoiz baino altuagoa izan da.
Lierniko festak ez dituzue ospatuko aurten irailaren 8an ohi duzuen bezala.
Andramari eguna gaur izaten da bai, baina aurten ez da ezer egingo. Erromeria egoten da, meza, bazkaria eta trikitilariak. Igandean herri kirolak ere izaten ditugu. Aurten jai batzordeak erabaki zuen bertan behera uztea eta txirrindulari proba izan da egin den ekintza bakarra. Irailaren lehenengo igandean izaten da.
Hain zuzen, Lierniko 39. txirrindulari proba izan zen igandean. Zein da aurtengo edizioaren balorazioa?
Balorazioa oso ona da. Ondo joan zen proba eta parte hartzea beste urtekoen aldean altuagoa izan da. Hemen 70-80 inguru txirrindularirekin ibili izan gara, baina aurten 137 parte hartzaile izan ditugu. Txirrindulari asko animatu dira, aurtengo egoera dela eta txirrindulari proba gutxi daudelako. Guretzat jendea etortzea ondo dago, baina horrek ere ardura eta prestakuntza handiagoa dakar gure aldetik egoerari ahal den hoberen eusteko. Lan berezi batzuk egin behar izan ditugu.
Zer aparteko neurri hartu behar izan dituzue?
Alde batetik txirrindularientzako eremua egokitu behar izan dugu. Parkin batean sartu genituen denak haiek bakarrik egoteko. Bestalde, helmugako azken 200 metroetan hesiak jarri genituen eta metro bateko tartea utzi genuen txirrindularien eta publikoaren artean. Horren bidez distantziak errespetatzea bermatu dugu. Ibilbide osoan ezin dugu hori bermatu baina behintzat helmugan bai, jendea bertara inguratzen da eta.
Behin karrera hasita txirrindulariekin batera ikusleek alde egiten dute.
Ikusle asko al zeuden?
Jende asko hurbildu zen. Parte hartzearekin batera ikusle kopurua ere igo da aurten, baina jendeak distantziak eta bestelako neurriak errespetatu ditu.
Irailaren lehenengo igandean izaten da proba, Lierniko festetan. Liernin izanda, nolatan antolatzen du Segurako Txirrindulari Elkarteak?
Paperetan Segurako Txirrindulari Elkartea agertzen da, baina guk berez Lierniko Txirrindulari Elkartea daukagu. Kontua da haien bitartez kudeatzen ditugula aldundiko eta federazioko dokumentu guztiak.
Urtero duzue lan handia antolatzaileek, baina aurten lan karga handiagoa izan duzue.
Bai, lan handiagoa izan dugu batik bat helmuga inguruan izan den antolakuntzaren aldetik. Beste sei bat pertsona jarri behar izan ditugu bertan, beste urteetan jartzen ez ditugunak. Distantziak mantentzen zirela ziurtatzeko ere beste pertsona bat izan dugu. Horrek lan gehiago eman digu, baina lasterketa bestela urterokoaren antzerakoa izan da.
Kezkarik izan duzue agian probarik ez zelako egingo?
Udara aurretik, martxoa inguruan, uste genuen ez zela egingo. Gero ekainean eta uztailean, zenbakiek hobera egin zutenean, aukerak ikusi genituen. Seguran ere emakumeen txirrindulari proba egin zuten eta ikusi genuen posible izango zela.
Hainbeste txirrindulari etorriko zirela ikusi genuenean jende gehiago behar genuen antolakuntzarako. Horiek bildu eta baldintza onetan egin genezakela ohartu ginen.
Bi etapa desberdin ditu probak: errepidekoa eta erlojupekoa.
Bai. 11:00etan amaitzen da lehenengo etapa eta aurten 137 parte hartzaileetatik 102 txirrindularik bukatu dute. Erlojupekoa Ampo taldeko Unax Iztuetak irabazi du, lehenengo etapan bigarren geratuta. Ez da ohikoa, baina noizbait ere gertatu izan da.
Nolakoa izaten da proba eguna antolatzaileentzat?
Aurten bezperan jarri genituen hesiak eta helmuga. Egunean bertan 08:30erako 50 bat pertsona elkartu ginen bidegurutzeak antolatzeko, eta beste 8 bat moton. Segurako Txirrindulari Elkarteak Segurako bidegurutze guztiak antolatzen ditu. Zegamakoek eta Ormaiztegikoek ere berdin egiten dute haien herrietan. 100 pertsona inguru martxan izaten gara goiz-goizetik. Taldeak eta epaileak iristen direnean ere bakoitza bere lekuan kokatu behar dugu. Hori eginda, 09:30ean hasten da proba.
Eskerrak eman nahi dizkiegu antolatzaile eta babesle guztiei bestela ez litzatekeelako posible izango.