Umeak itzuli dira aurrez aurreko eskoletara
2020/2021 ikasturtea normaltasunez hasi da. Gurasoak zalantzati baina hasteko gogoz daude. Ikasleak, lasai. Duela sei hilabete eten ziren aurrez aurreko klaseak.
Hiru eta hamalau urte bitarteko haurrentzat hasi da 2020/2021 ikasturtea, aurrez aurreko klaseekin. Lehen eguna gorabehera handirik gabe joan zen. Halere, ez zen ohiko lehen klase eguna izan zen: zirrara oihurik ez zen aditzen, negarrak ere gutxi eta maskara asko ikusten ziren. Ikasleak, irakasleak eta gurasoak zain zeuden, COVID-19 garaiko lehen ikasturteko lehen egunak zer ekarriko zuen inork ez zekielako. Urduritasuna, ordea, barruan gordetzen zuten: irakasleek argi zituzten jarraibideak eta ikasleek zintzo bete zituzten esanak. Gurasoek neurriak nahikoak izango direnaren eta dena ongi jango denaren itxaropena zuten, aurrez aurreko eskolek, gutxienez, saiatzea merezi dutela esanez.
Eskolak prest zeuden zetorrenerako. Irakasleak pasa den hastean hasi ziren lanean, zuzendariak lehenago ere bai, prebentzio neurriak eraikin bakoitzera nola egokitu erabakitzeko. Besteak beste, ikasgelak eraldatu dituzte elkarren arteko segurtasun tarteak mantentzeko eta korridoreetan zirkuituak egin dituzte jende pilaketak ekiditeko. Gainera, asteko egutegia eta materiak moldatu dituzte talde itxiak izan daitezen. Hala, kutsaturen bat agertuz gero, ingurukoak azkarrago atzematen dira eta jende gutxiago bakartu behar da. Gainera, maskara une oro erabili behar dute eta garbitasuna zorroztu egin dute.
Irakasleak kexu dira administrazioak ardura guztiak euren gain utzi dituela eta datorren astelehenean grebara joko dute baliabide eta solaskidetza eske. Gurasoak, baina, konforme agertu dira irakasleek egindako prestaketa lanekin. Kutsatzeko arriskurik eza ezinezkoa izanik, aitor tu dute kezkak izan badituztela, baina seme alaben hezkuntza guztiaren gainetik jarri eta aurrera egitea erabaki dute. Zalantza asko zituzten: garraioa, jangela, ordutegiak… Zerbitzu osagarri guztiei eusten zaie. Eskolaz kanpoko jarduerei dagokienez ikastetxeentzako errefortzu-programekin (Bidelaguna) zerikusia dutenak baino ez dira antolatuko, bai behintzat ikasturte hasieran.
Gurasoak ezin ziren eskola barrura sartu eta asko kanpotik begira gelditu ziren. Ikasleak zintzoago portatu ziren. Irakasleen esanak aztoratu gabe jarraitu zituzten eta ikasturtea lasai hasi zuten, batzuek besteek baino gogo gehiagorekin. Goierrin 9.000 ikasle inguruk hasi dute ikasturtea. Haur eta Lehen Hezkuntza, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1 eta 2. mailetakoek, zehazki. Gainerako ikasleek, DBHko 3. eta 4. mailakoek eta Batxilergokoek hilaren 15ean hasiko dute ikasturtea. Eurentzat ere segurtasun neurriak berberak izango dira.
COVID-19 kasuak Zumarragan
Eguneko gorabehera aipagarriena Urretxuko eta Zumarragako La Salle eskolan jazo zen. Irakasle batek COVID-19ak jota positibo eman zuen eta bere inguruko kontaktu zuzenak bakartuta daude, tartean beste irakasle batzuk. Lehen hezkuntzako 1, 2. eta 3. mailako ikasleek ikasturtea, ondo bidean, etzi hasiko dute.
Ikasturtean zehar sarri agertu daitezke horren antzeko kutsatzeak. Hiru positibo baino gehiago atzematen direnean agerralditzat hartuko da eta, larritasun mailaren arabera, osasun arduradunek klaseak bertan behera uzteko erabakia har dezakete. Azkeneko neurria izango da, eta ez du esan nahi hezkuntza eten egiten denik. Eskolak prest daude klaseak telematikoki emateko. Sintomak izanez gero ezin da klasera joan.