Ataungo fauna aztertuko dute Otsotarrak taldearen lehenengo natura zikloan
Hitzaldi, emanaldi eta ibilaldi sorta antolatu dute hurrengo hiru asteetarako. Bioaniztasunaren kontserbazioan jarri nahi dute arreta, Ataungo animalia espezie ezezagunak balioetsita
Ataungo I. Natura Zikloaren izendapenarekin, herriko fauna eta animalia espezie ezezagunak argitara ekartzeko egitaraua prestatu du Otsotarrak elkarteak. Irailaren 17tik urriaren 4ra bitartean, bi hitzaldi, hiru ibilaldi eta film emanaldi bat egingo dituzte. «Ataunen zer fauna daukagun azalduko da, batez ere. Askotan, ataundarrok ere ez dakigu inguruan zer fauna daukagun. Esaterako, ugatzak. Bi edo hiru bakarrik daude Aralar eta Urbasa inguruan ibiltzen direnak. Baina ez dugu ezagutzen», aurreratu du Otsotarrak elkarteko Ion Fontenla antolatzaileak.
Egitarauaren kartelburu den ugatzaz gain, saguzarrak, otsoa, narrastiak eta hegaztiak ere jorratuko dituzte. Adituek emango dituzte hitzaldiak eta gidatuko ibilaldiak. Lehen hitzaldian, gaur zortzi, Ataungo faunaren «ikuspegi orokor bat» erakutsiko dute Aranzadiko bi adituk.
«Hitzaldi laburrak izango dira, 20-25 minutu ingurukoak. Bakoitzak bere arloan hitz egingo du. Arina, jende askorengana iritstea nahi dugu, jende askorengana iristeko».
Ibilaldiak COVID-19 protokoloa beteta egingo dituzte. Gehienez 10 laguneko taldea joan liteke. Hala, ornitologiari buruzko txangorako bete da dagoeneko.
Ugatzari buruzko hitzaldirako, estatu mailan diharduen Quebrantahuesos Fundazioko kideak etorriko dira. 30 urtetik gora daramate hegazti horren biziraupenaren alde lanean.
Otsoaren gaira ere hurbilduko dira, Barbacana, la huella del lobo filmaren bidez. Alberto Menor zuzendariarekin telematikoki zuzenean solastuko dira, Ataungo Herri Antzokitik. «Otsoa gure artean eduki beharko genukeen espeziea da. Baina problematika dauka atzetik, eta gai deserosoa da. Ikuspuntu ezberdinak aurkezten ditu filmak, eta ondorio bat, esaldi bat ateratzea da helburua hortik». Joaten direnen artean solasaldi bat egitea da asmoa, modu berean.
Otsotarrak kontsumo elkarte bat da berez, baina baita ingurumen elkartea ere. «Gure filosofiaren barruan, arlo bat biodibertsitatearen kontserbazioa da. Ziklo batekin herriari zerbait eskaintzeko aukera genuela ikusi genuen. Gauza asko daude esplikatzeko, eta ziklo bakoitza gai zehatzera zuzentzea pentsatu dugu». Aurten, fauna.
‘Garalar-Maralar’, bihar
Landarlan ingurumen elkarteak, bere aldetik, Aralar mendialdeari buruzko Garalar-Maralar ipuinean oinarritutako emanaldia antolatu du, Ataunen. Jokin Mitxelena marrazkilariak eta Patxi Zubizarreta musikariak parte hartuko dute. Bihar 17:00etan da ikuskizuna, Herri Antzokian. Aretoan 136 lagun sar daitezke.
ATAUNGO I. NATUR ZIKLOA
Irailak 17. Hitzaldia: ‘Ataungofauna, gaurko eta etorkizunekoerronkak’. Maite Laso eta Ion Garin (Aranzadi). Zinean, 19:00etan.
Irailak 20. Ibilaldia: ‘Domoanbarrena hegal egiten’, Aitor Montes biologoarekin. San Martingo plazatik, 09:00etan. Beteta.
Irailak 25. Hitzaldia: ‘Ugatza,Ataungo altxor ezkutua’. Quebrantahuesos Fundazioa eta aldundiko basozaina. Zinean, 19:00etan.
Irailak 26. Ibilaldia: ‘Saguzarrak,gure bizilagunik onenak’, Naturtzaindiarekin. SanMartinen, 19:00etan.
Urriak 2. Emanaldia: ‘Barbacana, la huella del lobo’ filma. Antzokian, 19:00etan.
Urriak 4. Ibilaldia: ‘Baso galduaren bila’. Kaxetatik, 09:00etan.