Berezia behar zuena, «normal»
Azken asteetako dinamika berean egin zen atzoko Ordiziako azoka, asteroko postuekin. Gazta lehiaketa ostiralean izango da.
Ez da gaur goizekoa asteazkenetan Ordizian merkatua egitearena. 1512an Gaztelako Juana I. Erreginak emandako Errege baimenaz geroztik astero asteazkenez «merkatu librea, zergarik gabea», salbuespenak salbuespen, egin izan da.
Gazta lehiaketak eta enkanteak duten sonak erakarrita bereziki egun jendetsua izan ohi da, irailaren 8tik hurbileneko asteazkena. Irailean gazta-lehiaketa antolatzen dela 1904. urtetik gutxienez jasoa dago. Urte horretan, Euskal Jaietako ardi-gaztaren lehiaketan eta Francisco Mª Muñoa (Zerain) izan zen irabazle, 30 pezetako saria jasoz. Gaur egun izaten den gazta lehiaketa 60ko hamarkadan hasi zen eta, orain arte, urtero antolatu izan da. Aurtengoa 47.a izango da eta datorren ostiralean izango da, ez euskal jaietako asteazkenez ohiko moduan. 1962ko berriek hala diote, irailaren 5ean asteazkena izan zela, Euskal Jaietan. Eta gazta lehiaketaren irabazlea Santos Lopez, Okondogoienakoa (Araba) 250 pezetako saria eskuratuz. Aurten marka utziko duen urte honetako irabazlea zein izango den ostiralean jakingo dugu.
Kontserba garaian gaude
Bitartean atzo giro ez-normal honetan gerta daitekeen modu normalenean igaro zen asteroko azoka. Azoka bereziei lotuta, eta denak ez badatoz ere iritzi honekin, askotan entzun dugu «jende asko bai baino erosle gehiago ez» dena dela halakorik ez atzo. Baina herritarrak ez ezik inguruko gero eta jende gehiago etortzen dela ikusten da.
Produktuei begiratuz, horiek bai naturaren aginduetara. Atzo lehen baratzuri freskoak Edurne Jauregik 1 euroan sorta, Patxi Atienzak irasagarrak 3 euroan kiloa, «amaren -Josepa Usandizaga- baserrikoak», Itsasoko Oriakoak, eta postu berean salgai da baba txiki zuri berria Arabako Eginotik ekarritakoa 4 euroan kiloa.
Momentuka jende ilarak izan ziren landare postuetan neguko aza, azalora, brokoli eta abar erosten. Eta beheko zuhaiztian, fruta saltzaileak han kokatuak baitira orain, Jabier Lacalleren postuan egiteko udare tomatea 0,57 euroan kiloa. «Ohitura galtzen hasia bazen ere, gazteak berriz sumatzen ditut kontserbak egiteko erosten». 60 urtetik gora ezagutu dituen feriek eman dioten esperientzia oinarri. Eta piperrei dagokionez, datorren astean hasiko da Amatriain erretzen.