«Eskerrak eman dizkidate halako liburu bat idazteagatik»
Kristina Galarragaren lehen eleberriko protagonista Eleonora da. «Maitasun asko ematen du. Maitasuna eta eskerrak ematea ardatzak dira niretzat», aipatu du.
Eleonora, la hija del bosque nobela kaleratu berri duzu. Nor da Eleonora?
Sei hilabeterekin bakarrik jaioko den haurra da Eleonora, baina oso emakume indartsua da. Abereak eta natura maite ditu, eta bere ametsa albaitari izatea da.
Eleonorak badu Kristinaren antzik?
Antz handia dugu. Heriotza Eleonoraren bila hiru bider doa, baina ez du eramaten. Nik ere izan ditut nire gorabeherak, baina aurrera egiten ikasi dut.
Eta alderantziz? Eleonorarengandik ezer jaso duzu?
Asko eboluzionatu dut liburua idazten hasi nintzenetik. Aspalditik nuen idazteko grina, baina barruan nuen. Txikitatik idatzi ditut gauza txikiak eta asko irakurtzen dut, eta beti imajinatu naiz nobela bat idazten. Ideia bat banuen, hasiera eta amaiera argi nituen, eta apurka-apurka erdiko mamiari forma ematen joan naiz.
Eleonora mutua da. Zergatik eman diozu ezaugarri hori?
Hitz egin ezin duen arren, komunikatzeko gaitasun handia du. Hori islatu nahi nuen, hitzez aparte komunikatzeko modu asko daudela: begiradarekin, keinuekin, besarkadekin, laztanekin… Komunikatzeko garrantzitsuena beste aldean norbait egotea da, ez bidea. Enpatia hori sortu nahi nuen.
Animaliekin komunikatzeko gaitasuna ere badu.
Naturak hitz egiten digu. Animaliak ez dakite hitz egiten, baina gauza asko esaten dizkigute euren erara. Intentzioa da garrantzitsuena, komunikatzeko gogoa.
Natura oso presente dagoen lana da. Naturak zer garrantzi du zuretzat?
Ni kalean jaio nintzen, baina nire gurasoak baserritarrak ziren. Baserri mundua sartu nahi nuen liburuan. Gainera, basora joaten naizenean, naturaren konpainia sentitzen dut eta ez dut bakardaderik sentitzen.
Mitologia ere sartu duzu.
Nahiz eta labur aipatu, niretzat garrantzi handia du. Euskal kultura eta mitologia ezagutarazi nahi nituen: nor zen Aita Barandiaran, zer den lauburu bat, ilargiaren indarra… Idazten nuen bitartean ilargiak konpainia handia egin dit.
Inspiratu egiten zaitu?
Gora begiratu eta izarrak ikusteak inspiratzen nau.
Pertsonaien bidez, liburuak hausnarketak jasotzen ditu.
Haur hezkuntzako irakaslea naiz eta haurren artean jazotzen diren hainbat jarrera ekidin nahi ditut. Bazterkeria, adibidez. Nik mutuaren kasua jarri dut, baina beste edozein ezaugarri izan dezake. Irakaslearen edo gurasoen pertsonaien bidez mezu bat zabaldu nahi izan dut.
Oinarrian, esan nahi dudana, errespetua da. Errespetua gure inguruan daudenekiko, animaliekiko, naturarekiko. Ama lurrari esker gaude hemen.
Zure hausnarketak beste pertsonaia batzuen bidez helaraztea errazagoa da?
Aurretik Retales de vida eta Una vida contigo lanetako zati batzuk liburuan sartu ditut. Pertsonaia batzuk ere errealak dira.
Kolaborazioak ere badaude.
Nire lagun Jotaren poesia batzuk sartu ditut. Itxialdi garaian egunero olerki bat bidaltzen zidan, eta jabetu nintzen askok bat egiten zutela. Bazirudien eleberrian sartzeko diseinatuta daudela. Kasualitate polita izan zen.
Olerkiak eta abestiak sarri azaltzen dira.
Poesiak ahalbideratzen dit hitz gutxitan barruko sentimenduak azaleratzea. Maitasuna, adibidez. Eskerrak ematea eta maitasuna niretzat ardatzak dira. Eleonorak maitasun asko ematen du. Ez bakarrik mutil batekiko maitasuna, inguruko guztiari baizik. Maitasunarekin errazagoa da barkatzea.
Zuzenean aipatu gabe, liburuan Goierri ere agertzen da. Tierra Alta eskualdean bizi dira, Txindoki aipatzen da…
Liburua irakurtzen duenak nire hitzen bidez bidaiatzea nahi dut. Bakoitzak imajina dezala nolako eszenak diren.
Non eskuratu daiteke liburua?
Jon Aranburu aldizkari eta loteria dendan eta Kutixi Ganbara okindegian lortu daiteke. Internet bidez ere saltzen dira, www.rubric.com atarian.
Irakurleek zer esan dizute?
Eskerrak eman dizkidate. Eskerrak bizi garen garaiotan halako liburu bat idazteagatik, oinarrizkoak diren baloreak berreskuratzeagatik. Errespetua, maitasuna, enpatia… Oso gustura irakurri dutela esan didate. Lehen edizioa azkar amaitu da eta bigarrenaren zain nago.
Zure hirugarren lana da, hilabete gutxiren buruan bigarrena.
Eskuz idazten dut. Nire sentimenduak paperera eramaten ditut eta idaztea terapia handia izan da. Halere, liburu bat ez da idaztea soilik: urte erdi inguru behar izaten da idazten amaitzetik kaleratu arte. Azken lan honekin iazko irailean hasi nintzen eta bederatzi hilabete eman nituen, maiatzera arte.
Idazle amateurren egoera ez da aproposena izango.
Eleonora, la hija del bosque liburua auto edizioa da, hasieratik bukaerara arte. Egia esan idazle amateurrek ez ditugu aukera asko izaten kaleratu ahal izateko. Rubric argitaletxearekin topo egin nuen eta zortea izan dut. Portugaleteko argitaletxe txiki bat da, eta lehen unetik erraztasun guztiak eskaini dizkidate. Argitaletxe txikien lana ezinbestekoa da guretzako.