Irakasleen greba, Hezkuntza eta sindikatuen arteko bileren zain
Deialdia irailaren 15erako da. Ikasturte hasiera «segurua eta adostua» eskatzen dute. Hezkuntza sailburuak bilerara deitu ditu sindikatuak, greba indargabetzeko asmoz.
ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako irakaskuntzan greba deitu zuten joan den astean irailaren 15erako, ikasturte hasiera «segurua eta adostua» eskatzeko, ezarri duten protokoloa aldatuta. Atzo goizean Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburu Josu Erkorekak Euskadi Irratiko Faktoria saioan aipatu zuenez, badago aukera ikastetxeetan koronabirusa dela-eta ezarri den protokoloa «aldatzeko» eta «hobetzeko», hezkuntza komunitatearekin negoziatuta.
Adierazpen horien ondotik, atzo bertan jakinarazi zuen Hezkuntza sailak grebaren antolatzaileei biltzeko deia egin diela Jokin Bildarratz sailburu berriak, greba hori indargabetzeko ahaleginetan.
Sindikatuek baiezkoa eman diote sailburuari, eta gaur goizean bertan hasiko dute bilera erronda. Sindikatuetatik abiatuta, hezkuntza eragile guztiekin ere batzartuko da aste honetan Bildarratz.
Irailaren 15eko lanuztea, beraz, bilera horien emaitzen zain geratu da.
Ratioak eta kontratazioak
Joan den ostegunean, irailaren 4an, erregistratu zuten bost sindikatuetako hezkuntza alorreko ordezkariek grebaren deialdia, sare publikoko zein itunpekoko unibertsitateaz kanpoko hezkuntzako arlo guztiei zuzenduta. Sindikatuen kexa handiena koronabirusaren aurreko protokoloen «konkrezio» eza da. Hori dela eta, koronabirusak eragindako ziurgabetasunaren aurrean, eta ikasturte berriari begira, «aurrez aurreko hezkuntzan itzulera segurua eta adostua» aldarrikatzen dute. Horretarako plantillak handitzea eta ikasgela bakoitzeko ikasle ratioa jaistea eskatzen dute.
Grebaren deialdiaren berri ematerakoan, aurrez aurreko ikasturtearen aldekoak direla adierazi zuten sindikatuek, baina horretarako «segurtasun bermeak» behar direla erantsi zuten, hau da, protokolo «eraginkor» bat. «Egoera epidemiolo- giko kezkagarrian gaude, eta ezinbestekoa da aurrez aurreko itzulera segurua bermatzeko neurri eraginkorrak planifikatzea eta hori posible izateko baliabideak jartzea».
Horren harira, ikasgeletako ratioa jaistea ezinbestekotzat jotzen dute; ikasgela bakoitzerako gehienez 10-15 ikasle eskatzen dituzte, eta bakoitzak hiru metro koadroko espazioa izatea. Horretarako, irakasle gehiago kontratatzea beharrezko ikusten dute, baita garbitzaile eta jantokiko eta autobuseko begirale gehiago ere. Lanpostu guztien ordezkapenak lehen egunetik egitea ere funtsezkoa dela diote.
Beste zerbitzuetan, greba
Bestetik, sindikatuek adierazi dutenez, ikastetxeetako jantoki, garbiketa eta garraio zerbitzuetako langileek ere greba egitekoak dira irailaren 15ean, «hain garrantzitsuak diren esparruetako segurtasun eta prebentzio neurriak negoziatu eta adostu ez direla kontuan hartuta».
Jantokietan eta eskola garraioan baliabide gehiago jartzea, langile gehiago kontratatzea eta ratioak jaistea eskatzen dute alor horietako langileek, «zerbitzua segurua eta kalitatezkoa izan dadin», erantsi dute.
Mobilizazioak Goierrin
Irailaren 15erako greba deialdia girotzeko, hainbat mobilizazio ere iragarri zituzten sindikatuek, eta joan den astean, ostiralean, elkarretaratzeak eta taldeko argazkiak egin zituzten dozenaka ikastetxetan. Goierrin, Urretxu-Zumarragako Gainzuri ikastetxean egin zuten bilkura.
Gaurko, berriz, beste mobilizazio bat dago deituta, eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizko hezkuntza delegaritzen aurrean elkarretaratzeak egingo dituzte.