Nekane Balluerkak ez da EHUko errektore izateko aurkeztuko
Urtarrilera arteko agintaldia bukatuko duela argitu du ordiziarrak, baina ez dela hurrengo hauteskundeetara aurkeztuko. Errektore izatea "plazera, eta batez ere, ohorea" izan dela dio, eta orain arte egindakoaren balorazio ona egin du.
Nekane Balluerkak (Ordizia, 1966) ez du beste agintaldirik egingo EHUko errektore moduan. Hala jakinarazi du gaur, hainbat komunikabideri emandako elkarrizketetan. Hori esatea, ez dela agur bat argitu nahi izan du, “agur baten iragarpena baizik”. Izan ere, urtarrilera arte jarraituko du, lau urteko agintaldia bukatuz. Handik aurrera, ordea, ez da berriz aurkeztuko kargurako. “Beti esan dut ez neukala asmorik karguan luze egoteko, agintaldi bat ondo ikusten nuela. Niretzat plazera eta, batez ere, ohorea izan da EHUko errektore izatea. Orain, nire familiari eta ibilbide akademikoari denbora gehiago eskaini nahiko nioke”.
COVID-19ak eragindako egoera ere hizpide izan du ordiziarrak. Hainbat aldaketa egin behar izan dituzte unibertsitatearen jardunean, egoera berrira egokitzeko. “Uste dut pandemia egoera batean gaudela ulertu behar dugula, eta, alde horretatik, ez zait batere larria iruditzen egun batzuk ikasturte bat atzeratzea zentro batean”. Izan ere, errektoretza bezala, “gure erantzukizuna kutsaturik ez egotea” dela uste du.
Balluerkak 2017ko urtarrilean hartu zuen EHUko errektore kargua, eta lau urte betetzean utziko du. Legealdiaren “balorazio nahiko positiboa” egin du, eta hiru gauza azpimarratu nahi izan ditu. Batetik, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea martxan jarri izana, eta Galdakaoko ospitalea ospitale unibertsitario bihurtu izana. Ikerkuntza arloan egindako aurrerapausoak ere aipatu ditu, unibertsitateen Shangaiko rankingean lehen 400 postuetan sartzea lortu baitute. Bestalde, Horizon 2020 programaren bidez “inoiz baino baliabide gehiago” lortu dituztela gogorarazi du.
Euskararen arloan egindako aurrerapenak ere gogoan izan ditu Balluerkak. “Zentro berri bat atxiki dugu: Goi Mailako online institutua, eta horrekin bigarren hezkuntzako masterra guztiz euskaraz egin dugu, eta ehuneko handi batean online eskaini dugu”. Horrez gain, “nahitaezko irakasgaien %98 euskaraz” ematen dituztela eta euskaraz defendatutako tesiek %6 gora egin dutela azaldu du. Eta azkenik, “generoaren eta inklusioaren esparruan” egindako lana azpimarratu nahi izan du: “genero indarkeriaren aurkako protokolo bat sortu dugu, markadore ez-binarioak martxan jarri ditugu, Arrakasta programa ere bai…”.
Bere ondorengoaren inguruko argibiderik ez du eman Balluerkak, baina bere lantaldean “proiektuari jarraipena emango diot hautagaitza bat” izango dela espero du.