Zegamako herri eskolak pilotalekua eta gaztelekua ere erabiliko ditu
Jolas orduetan eta jangela orduetan frontoia erabiliko dute, eta zaintza zerbitzua gaztelekuan izango da. Txikienek, berriz, bi urtekoek, gelan bertan bazkalduko dute
Ikasturte berezienari ekin diote ikasle zein irakasleek Goierriko ikastetxeetan ere. Segurako eta Zegamako eskoletan ere astelehenean izan zen aurreneko eguna ikasleentzat. Aurretik, irakasleek astebete zeramaten lanean dena antolatzeko. Metodologian aldaketarik ez dute izan, baina bakoitzaren baliabideen arabera Hezkuntza Sailak ezarritako neurrietara egokitu behar izan dute.
Ikastetxeetarako sarrerak eta irteerak kontrolatuta egingo dituzte ikasturte honetan. Zegamako Aitxuri Herri Eskolan bost txandatan banatu dituzte sarrerak: 08:30ean 5. eta 6. mailako ikasleak; 08:45ean 3. eta 4. mailakoak; 09:00etan 1. eta 2. mailakoak; 3 eta 4 urtekoak 09:15ean eta bi urtekoak 09:30ean: «Uste genuen sekulako iskanbila izango zela, baina ondo joan da orain arte», azaldu du Inma Otaegi Aitxuriko zuzendariak. Ikasle guztiei tenperatuta hartzen diete eta gel hidroalkoholikoarekin eskuak garbitzen dituzte ondoren.
Zegamako Udalak herriko frontoia utzi dio eskolari haurrek bertan jolas daitezen. Jolas-orduetan eta jangela orduan erabiltzen dute eremu hori. Aste honetan goizez bakarrik ari dira ikasleak, baina datorren astean arratsaldez ere joango dira eskolara. «Metodologia berdin saiatuko gara aurrera eramaten», esan du Otaegi zuzendariak.
Halere, hainbat jardueretarako irizpide berriak ezarri dituzte segurtasuna bermatzeko. Soinketa ikasgairako, adibidez: «Jolasak egingo dira material gutxiago erabiltzeko».
Eskola kirolik ez da egongo. Ezta extraeskolarrik ere. Jangela eta zaintza zerbitzua, aldiz, eskainiko dituzte: «Txikienek haien gelan bazkalduko dute begiraleekin». Zaintza zerbitzua, berriz, Zegamako ludotekan egingo dute. Guztira 11 ume daude zerbitzu horretan: «Begirale bat daukagu eta guraso elkartekoek beste bat kontratatu dute, bi zatitan banatzeko».
Beste gela baten zain
Aurten, gainera, egokitzapen epea ezarri du Ikuskaritzak 2 urtekoentzat: «Patio txikian egingo dute, eta sare bat jarri dugu inguruan gurasoek ezin dutelako eskola eremura sartu». Gela kopuruari eta ikasle ratioari dagokionez, ez dute aldaketarik izan oraingoz. Lau urteko gelan 24 ume izango dituzte: «Hori da ikasle kopuru gehien duen taldea, bestela kopuru aldetik ez dugu arazorik izan».
Kasu positiborik ez dute atzeman. Bi haur, baina, konfinatuta egon dira positibo eman duen senideren batekin kontaktuan egon ostean: «Egun bat egon ziren etorri gabe eta negatibo eman zutenean itzuli ziren».
Espazio nahikoa Seguran
Segurako Laiotz Herri Eskolan ere arazorik gabe ekin diote ikasturteari. Mikel Sasiain zuzendariak azaldu du zailena antolaketa izan dela: «Sarrerak, irteerak eta taldeak antolatzea da konplexuena». Astebete izan dute dena prestatzeko: «Paperean protokolo bera da guztiontzat, baina baliabideen arabera aplikatu behar da». Ostiralean argitaratu zuten protokolo berria, irakasleak lanera sartu eta egun bat lehenago: «Paperean dagoen protokolo hori errealitatera eramatea da erronka».
Sasiainek azaldu duenez, agindutako baliabideak bidali dituzte, baina material eskasa da. Maskarak, hidrogelak eta eraikin bakoitzeko termometro bat: «Kopuruan ez da nahikoa, bi hilabeterako plangintza murritza da». Izan ere, termometro bakarra dute eta lau sarrera jarri dituzte haurrak eskolara taldeetan sar daitezen. Zuzendariak gehitu du «zorionez» espazio aldetik ez dutela arazorik izan: «Talde txikiak ditugu, 20 haur baino gehiagoko talde bakarra dugu».
Ez dute ikasgela kanpoko eremurik erabiliko. Ez behintzat egoera honen aurretik erabiltzen zutena baino gehiago: «Sistematikoki ez daukagu pentsatuta klaseak kanpoan ematea». Halere, egun eguzkitsuetan kalera ere aterako dira: «Ahal dugun neurrian irteten gara inguruko espazioetara, eta orain apur bat gehiago agian, baina horrek ez du esan nahi klaseak kanpoan emango ditugunik».
«Nahiko antzera» jarraituko dute Seguran. Ez da itzulera erraza izan, baina uste zutena baino hobeto hasi dute ikasturtea: «Haurrak txapeldun batzuk dira, helduok baino errazago ohitzen dira egoeretara».
Beraz, taldeak osatu, ilara egin eta banan-banan eskolara sartzea egunerokotasunaren parte bilakatuko da. Maskararekin, hidrogela emanda eta tenperatura neurtuta hasiko dute eguna.