«Ikusita gauzak nola dauden, erabaki ona izan dela uste dut»
Asteburuan zen jokatzekoa zazpigarren Axari Trail lasterkerta, Idiazabalen. Aurten baina, ez da proba jokatuko. Aimar Lizarazu antolakuntza taldeko kideak azaldu duenez, datorren urtera begira jarrita daude dagoeneko.
Axari Trail antolatzen hasiak zineten COVID-19a iritsi zenean?
Idiazabalgo festen ondoren hasten gara lanean, otsaila erdialdean. Aurten, lanean hasi eta lehen zalantzak sortu zitzaizkigun, nahiz eta iraila oraindik urrun ikusten genuen, eta uste genuen, egiteko moduan egongo ginela, beraz, makinaria martxan jarri genuen.
Zeintzuk izan ziren lehen pausoak?
Lehenengo gauza kamisetak eskatzea izaten da, denborarekin egin beharreko zerbait delako. Kamisetak eskatu genituenean, lasterketa egin ahalko zen zalantzak genituenez, ez dakarte urtea inprimatuta. Horrela, datorren urterako ere balio dezaketela pentsatu genuelako.
Eta zein momentutan erabaki zenuten, aurten Axari Trail ez egitea?
Aurrera gindoazen eran ikusten zen, egoera okertzen ari zela, horregatik, gainontzeko erabakiak hartzeko pixka bat itxarotea pentsatu genuen, horrela, Aste Santu ondoren taldea berriz biltzekotan gelditu ginen. Agian posible zela pentsatzen genuen baina zalantzak ere bagenituen, konturatzen ginen, egoerak eskatzen zituen baldintzak betetzeko, protokolo oso zorrotza bete beharko genuela.
Bilera batzuen ondoren, azkenean erabaki genuen lasterketa bertan behera uztea. Esan bezala, erabakia apirilean hartu genuen eta garai hartan ez geneukan orain dugun pertzepzioa. Ikusita gauzak nola dauden erabaki ona izan zela uste dut.
Erraza izan zen erabakia hartzea?
Kamisetak baino ez genituen hartuta, eta beste ezer ez genuen martxan jarrita, erabakia hartzea, beraz, ez zen zaila izan, ekonomikoki ez genuelako presiorik. Geroz eta pauso gehiago eman, atzera egitea zailagoa izango litzateke. Dena den pena eman zigun.
Egungo egoeran ezarri beharreko protokoloak asko zailtzen du antolakuntza, hala?
Bai, hala da! Lasterketa bertan behera uztea, apirilean erabaki genuen, eta une hartan ikusten zen nahiko konplikatua izango zela. Gainera, gauza bat partaideak eta boluntarioak kontrolatzea da; maskara dela, distantzia dela… Anoa puntuetan aldaketak egitea ere posible ikusten genuen. Baina kezka gehien sortzen ziguna, ikusleak ziren, haiek ere gure ardura zirelako. Partaideak, boluntarioak, anoa puntuak kontrolatzea, ados, baina ikusleak kontrolatzea, gure eskuetatik ihes egin ziezagukeen zerbait zela pentsatzen genuen. Eta horretaz gain, mediku bat kontratatu beharko genuela ere esaten ziguten.
Kontuan izan behar da Axari Trail modu boluntarioan antolatzen dugun lasterketa bat dela. Kutsaturen bat egotekotan eta kontu eske etortzen bazaizkigu, orduan zer? Hainbat arrisku ezin ditugu asumitu antolakuntza bezala.
Tentaziorik ez duzue izan azkenean lasterketa egiteko?
Ezezkoa erabaki zenetik ez gara gehiagotan bildu, eta harrezkero ez da saiakerarik egon. Egia da, Mendi Duatloien egutegia atera zutenean, pentsatu genuela, haiek proba egiteko moduan ikusten baziren, guk ere egin genezakeela. Horrelako eztabaidak izan genituen, baina ez genuen ikusten.
Axari Trail korrikalari garrantzitsuak ekarri dituen lasterketa da. Nolakoa izan da eboluzioa, zentzu horretan?
Lehenengo urtea izan zen gogorrena, berria zen, eta egutegian tokia egitea da lehen gauza. Eta hortik aurrera ongi joan da. Uste dut hasieratik asmatu genuela, bai lasterketarekin, bai korrikalariei ematen zaien tratuarekin. Lasterketaren ondoren bazkaria ere egiten da. Guztia batuta, lehen edizio oso on bat egitea lortu genuela esango nuke. Badakigu eskakizun maila handia jarri genuela baina gauzak ongi egiteko hala behar du.
Esan baita ere, Euskal Herriko mendi lasterketako selekzioaren laguntza izan dugula eta edizio guztietan parte hartu dutela.
Lehen urte hark markatu zituen hurrengoak eta egia esan pozik gaude partaide kopuruak gora egin duelako urtetik urtera, baina gainera parte hartzera etorri diren korrikalarien maila ere oso ona izan da. Lanean jarraitzeko ilusioa ematen du horrek!
Goierri Kopa Trail-en barruan ere badago Axari trail.
Bai, azken proba izan da aurreko urteetan. Aurten, Ordiziakoa zetorren atzetik.
Bukatzeko, goiz bada ere, datorren urtera begira, bai?
Printzipioz espero baietz.