Ondarearen jardunaldiek 23 ekitaldi ekarriko dituzte Goierrira
Irailetik azarora bitartean, Europako Ondarearen V. Jardunaldiak egingo dituzte. Gipuzkoa mailan 150 ekitalditik gora antolatu dira, horietatik 23, Goierrin. Aurten, transmisioak ondarearen kontserbazioan duen garrantzia landuko dute.
«Kontaiguzu Ondarea! Ondarea eta Hezkuntza» lemapean, Europako Ondarearen V. Jardunaldiak ospatuko dituzte aurten. Gipuzkoa mailan, 70 elkarte eta erakundek antolatutako 150 ekitaldi inguru izango dira datozen hilabeteetan; horietatik 23, Goierrin.
Europako Kontseiluaren ekimen honek, ondareari balioa ematea eta hau herritarrei gerturatzea da. Kontaiguzu ondarea izenburupean, transmisioak ondarea kontserbatzeari eta gozatzeari begira betetzen duen zereginean jarri nahi dute aurten arreta.
Mari Jose Telleria Foru Aldundiko Kultura zuzendariak adierazi duenez, «aurten, gure ondarea agerian uzteko konpromisoa, ilusioa eta gogoa are handiagoak izan dira aurreko urteetan baino, eta hori erronka handia izan da parte hartu duten eragile guztientzat, Covid-19k eragindako murrizketa eta ziurgabetasunengatik. Gure esker ona adierazi nahi diegu erakunde antolatzaile guztiei, ziur baikaude gipuzkoarrek ondrearen festa hau gozatuz baloratuko dutela».
Aurten hezkuntza erakundeen ondarea aztertzen duten proposamenak biltzen saiatu dira antolatzailek; adibidez, Ordizian, «Ordiziako irakaskuntzari begirada bat” erakusketa irekiko da urriaren 1ean, D’Elikatuz zentroan. «Erakusketa honen bidez, Ordizian XIX. mendearen amaieratik gaur arte egon diren ikastetxeak ekarri nahi dira gogora. Ikasleen, irakasleen, eskolak ematen ziren eraikin edo lekuen, edo ikastetxe guztietako ikasleak biltzen zituzten ikasturte amaierako festen argazkiak ikusi ahal izango dira… Horrekin guztiarekin, hezkuntza prozesu ororen atzean dagoen ondare materiala zein immateriala balioan jarri nahi dugu», adierazi du Leire Arandia D’Elikatuz zentroko zuzendariak.
IRAILA
- 26, Segura: Gure iraganarekin hazi eta heziz
- 26, Beasain: Goazen elkarrekin jolastera!
URRIA
- 1, Ordizia: Ordiziako irakaskuntzari begirada bat
- 1, Idiazabal: Hezkuntza erakusleihoetan
- 2, Beasain: Beasaingo hezkuntzaren hastapenak eta bilakaera
- 3, Ezkio: Musika Igartubeiti baserriko dolarean
- 4, Urretxu: Iparragirre eta XIX. mendea. Bisitaldia gidatua Urretxuko Alde Zaharretik
- 10, Beasain: Igartza bizi
- 11, Legazpi: Gure aiton-amonen garaiko eskola
- 17, Zegama: San Adrian, denboran zehar igarobidea. Gizateriaren Ondare
- 18, Ormaiztegi: Abanikoen artistak
- 22, Ormaiztegi: Ataun of the dead gure historia-ra gerturatzeko modu berri bat
- 23, Ormaiztegi: Ez dut bakarrik jolastu nahi!
- 24, Zerain: Arbasoengandik ikasiz: Zerain-go Herri Museoa eta Larraondo zerrategi hidraulikoa
- 24, Ezkio: Igartubeti Baserriko dolarean dantzan
- 24, Zegama: San Adrian, denboran zehar igarobidea. Gizateriaren Ondare
- 25, Urretxu: Iparragirre eta XIX. mendea. Alde zaharreko igande gastrokul-turalak
- 25, Urretxu: Iparragirre eta XIX. mendea “Iparragirre 200 urte” antzerkia
- 25, Urretxu: Iparragirre eta XIX. mendea. Bisitaldi librea QR bidez Urretxuko Alde zaharretik
- 27, Zaldibia: Biloreko emakumeak: langileriari hitza
- 31, Ezkio: Euskal Herriko mito eta ipuin zaharrak ipuin kontaketa antzeztua
- 31, Ormaiztegi: Txotxongiloa sortu
AZAROA
- 8, Zumarraga: Herri kirolak, haur jolasak