Unibertsitateko autobus zerbitzuaren jarraipena, zalantzan
Goierri Busek kudeatzen ditu Goierritik Donostiako Kanpusera doazen autobusak. Datorren astean erabakiko dute zerbitzua bideragarria den
Goierritik Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako kanpusera ikasleak eramaten dituen autobus zerbitzuaren jarraipena ez dago ziurtatua. Osasun egoera dela eta, unibertsitateko klase presentzialak ez dira egunero izango hainbat fakultatetan eta, beraz, autobus zerbitzuaren eskaera nabarmen jaitsi da.
Goierri Bus autobus enpresak urteak daramatza ikasleak unibertsitatera eramaten. Azken urteotan beherakada izan dute: «Jende kopurua jaisten joan da eta bideragarritasuna zalantzan daukagu», azaldu du Jaione Garate Goierri Buseko arduradunak. Herenegun jarri zuten martxan zerbitzua, irailaren 9an, eta datorren astean erabakiko dute jarraituko duen ala ez: «Aste honetan ikasleek egoera zein den ikusiko dute eta horren arabera ikusiko dugu posible den aurrera ateratzea». Hainbat fakultatetan eskola presentzialak eta telematikoak uztartuko dituzte eta, ondorioz, ohi baino ikasle gutxiagok hartuko dute autobusa: «Zerbitzu hau pribatua da eta jenderik gabe ezin dugu aurrera atera», azaldu du Garatek.
Goierriko Ikasle Unibertsitarioak elkarteak kontratatzen du Goierri Busen zerbitzua. Elkartea ikasleek osatzen dute, erabiltzaileak antolatu eta ordainketetarako. Lanaren truke ez dute autobus zerbitzua ordaintzen elkarteko kide horiek.
Ordutegien gora behera
Zerbitzu pribatua izanik, gutxieneko erabiltzaile kopuru bat behar dute. Urtetik urtera kopuruak behera egin du. Iaz 160 pertsona inguruk eman zuten izena lehenengo lauhilabetean: «Bigarrengoan askok utzi egiten dute, iaz 20 ikaslek; Erasmusera batzuk, praktiketara beste batzuk», azaldu du Garatek. Ikasle kopurua beste faktore batzuengatik ere jaitsi da: «Ordutegiak ez dira bateragarriak». Goierri Busek bi ordutegi ditu Kanpusera joateko: 08:20etan iristen dena eta 13:55ean iristen dena. Itzultzeko, berriz, lau ordutegi: 13:30ean, 14:30ean, 18:30ean eta 20:00etan. «Badago 11:00etan hasi eta 15:30ean bukatzen duenik», adierazi du ordutegien bateragarritasunaren harira.
Horrela, beste bide batzuk bilatzen dituzte ikasleek. Trena erabiltzen dute askok: «Zerbitzu publikoan, trenean Mugi txartela sartu denetik beste abantaila batzuk eskaintzen dituzte, eta ordutegia ere zabalagoa da». Goierri Busek ordutegiak ikasleen arabera egokitzen ditu: «Ordutegi orokorrak ditugu, ahalik eta jende gehien harrapatzen saiatzen gara, baina beti egongo da ondo ez datorkion jendea».
Aste honek egoera aztertzeko eta erabakiak hartzeko balioko die. Izan dute izen ematerik, baina zenbat autobus beteko dituzten eta zenbat geldialdi egingo dituzten ikusi behar dute zerbitzuarekin jarraitu ala ez zehazteko: «Goizetan jendea joaten da, baina itzultzeko ezin ditugu bi ordutegi bakarrik jarri eta autobus gehiago jartzeak gastu handiago dakar».
Legazpin, Urretxun, Zumarragan, Ormaiztegin, Beasainen, Ordizian, Lazkaon, Itsasondon eta Legorretan dute joateko eta itzultzeko zerbitzua Goierri Busekin. Zegaman, Seguran, Idiazabalen eta Ihurren, berriz, joateko autobusa bakarrik dute. Datorren astean ere zerbitzua murriztuko duten erabakiko dute: «Agian geltoki batzuk ere kendu beharko ditugu».
Goierritik zuzenean Donostiako Euskal Herriko Unibertsitatera joateko zerbitzu bakarra da. Egunero ez dutenez erabiliko aurten, ikasle askok beste aukera batzuk bilatu dituzte.